EUSKAL PRESOAK
Parisko Dei Auzitegiak gibelera bota du Iratxe Sorzabalen aurkako euroagindua
Prokuradoreak sinesgarritasuna eman zien euskal presoak salatutako torturei, azaroan, eta epaileak uko egin dio Madrilek eskaturiko euroaginduari. Lehen aldia da Parisek tortura kasu batengatik euroagindu bat atzera botatzen duena.

Parisko Dei Auzitegiak gibelera bota du Iratxe Sorzabal euskal presoaren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak eskaturiko euroagindu bat: laugarrena. Euskal presoak Espainian jasandako torturak salatu zituen euroagindua aztertzeko auzi saioan, azaroaren 17an, eta prokuradoreak sinesgarritasuna eman zion Sorzabalen testigantzari. Bertzeak bertze argudiatu zuen «deklarazioak lortzeko atxiloketaz zalantza nahikoa» zegoela. Orain, tortura salaketa horiek oinarritzat hartuta euroagindu eskaera atzera botatzea erabaki du auzitegiak. Tortura kasu batengatik Parisek euroagindu bat ukatzen duen lehen aldia da.
Defentsak behin baino gehiagotan salatu izan du Sorzabalek adierazpenak torturapean egin zituela. 2015ean atxilotu zuten Sorzabal, Baigorrin, eta zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zion Frantziako justiziak, 2019an.
Espainiako euroagindu eskaerak gibelera botatzea ez da ohikoa Frantziako justiziarengan, oro har. Joan den uztailean egin zuen azkenekoz: Josu Urrutikoetxearen Barajasko auziko euroagindu eskaera atzera bota zuen.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.