'BATERAGUNE AUZIA'

'Bateragune auzia' aztertzeko eskatu dio EAJk Bruselari

Izaskun Bilbao eurodiputatuak egitasmo bat aurkeztu du Europako Parlamentuan, Europako Batzordeari eskatzeko funtsezko eskubideei buruzko hurrengo urteko txostenean sar dezala auzia.

Izaskun Bilbao. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jon olano
2020ko abenduaren 17a
14:47
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki eta gero Bateragune auziko epaiketa berriro egitea, EAJk Europako Batzordeari eskatu dio auzia azter dezala oinarrizko eskubideez urtero egiten duen txostenean. Izaskun Bilbao europarlamentariak erregistratu du eskaria Europako Legebiltzarrean, gogora ekarrita Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu zuela bost auzipetuen epaiketa justu baterako eskubidea urratzeagatik.

Bilbaok gogora ekarri duenez, doktrinak dio epaiketa bat berriz egiteko zilegitasuna dagoela soilik kalte bat konpontzeko denean, eta «ezohikotzat» jo du sistema judizial zigortuak «epaiketa errepikatzera behartzea, bere erabaki bidegabea baliogabetzera behartuta egon ostean. Bost kaltetuek sei urte baino gehiago kartzelan bidegabeki eman dituztenez, zentzugabekeria hutsa da».

Bilbao harrituta agertu da Auzitegi Gorenak «akats prozesaltzat» jotzen duelako Auzitegi Nazionalak Bateragunekoak zigortzean egindako «eskubideen urraketa larria», eta Europako Batzordeari galdetu dio irizpide horrekin bat datorren. Gainera, eskatu du baloratzeko ea «neurririk egokiena epaiketa berriz egitea ote den, Giza Eskubideen Auzitegiak kasuari buruz emandako epaia, gaiari buruzko jurisprudentzia eta kasuaren inguruabarrak aintzat harturik».

Erabaki «politikoa»

Arkaitz Rodriguezek sei urteko zigorra osorik bete zuen Bateragune auziagatik, eta egun Sortuko idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkide denak nabarmendu du Auzitegi Gorenaren erabakia «politikoa» dela. Uste du PSOE-Unidas Podemos gobernuarekin zabaldu den «aukera leihoa» ez dela «sakoneko estatuaren gustukoa» izan, eta erantsi du hari trabak jartzen ari zaiola.

Radio Euskadin elkarrizketatu dute Rodriguez, eta hor azaldu du «bakearen etsaiek» akusatuen aulkian nahi dituztela Bateragunekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.