EUSKAL PRESOAK

Arizkuren Iruñeko kartzelara ekarriko dute

Espainiako Espetxe Erakundeek beste lau euskal preso hurbildu dituzte, eta bat mugitu. Bigarren graduan jarriko dituzte.

Arizkuren, 2013an Auzitegi Nazionalean. CHEMA MOYA / EFE
2020ko abenduaren 18a
15:53
Entzun

Espainiako Espetxe Erakundeen iragarpena iritsi da, azken hilabeteotan astero gertatu bezala: euskal preso bat Euskal Herriratuko dute, lau Euskal Herrira hurbildu, eta bat kartzelaz mugitu. Josetxo Arizkuren ETAko buruzagi ohia Euskal Herriratuko dute. Murtzian (Espainia) dago preso, eta hasiera batean Logroñoko kartzelara  (Errioxa, Espainia) lekualdatu behar zuten. Azkenean, baina, Iruñera ekarriko dute. Joan den azaroaren 29an bihotzeko bat izan zuen.

Hurbilduko dituzten presoak El Dueso (Kantabria, Espainia, 170 kilometro), Burgos (Espainia, 215 kilometro) eta Dueñasera (Palentzia, Espainia, 310 kilometro) eramango dituzte. Juan Manuel Inziarte Topaseko kartzelatik (Salamanca, Espainia, 460 kilometro) eramango dute El Duesora. 2009tik dago kartzelatuta 30 urteko zigorra betetzen, eta 2027an beteko ditu kondenaren hiru laurdenak. Bigarren graduan jarriko dute. Espetxe legedia onartu du, indarkeriari uko egin dio, eta egindako mina aitortu du.

Dueñasera eramango dituzte Luis Mariñelarena Curtis-etik (A Coruña, Galizia, 600 kilometro), eta Gotzon Aranburu Alacant II-tik (Herrialde Katalanak, 745 kilometro). Mariñelarenari egozten zaio 2000. urtean Fernando Buesa PSE-EEko buruzagietako bat zena hiltzea. 2001etik dago kartzelatuta, 30 urteko zigorra betetzen. Zigorraren hiru laurdenak 2024an beteko ditu. Espetxe erakundeen arabera, espetxe legedia onartu du, indarkeriari uko egin dio, eta egindako mina aitortu du. Bigarren graduan jarriko dute. Aranburu ere bigarren graduan jarriko dute, eta, espetxe erakundeen esanetan, hark ere uko egin dio indarkeriaren erabilerari.

Burgosera lekualdatuko dute Manex Zubiaga, Valentziatik (Herrialde Katalanak, 600 kilometro). 2009tik dago kartzelatuta, 40 urteko kondena betetzen. Hura ere bigarren graduan jarriko dute, egindako mina aitortuta.

Felix Alberto Lopez de la Calle, Mobutu, mugituko dute Curtis-etik Villabonara (Asturias, Espainia, 385 kilometro). Frantzian atxilotu zuten 2004an, eta han kartzelatu. 2016an Espainiaratu zuten, eta orduz geroztik 30 urteko kartzela zigorra betetzen ari da, 1980an hiru guardia zibil hiltzea leporatuta. Bigarren gradura igaroko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.