Josetxo Arizkurenek beste bihotzeko bat izateko arriskuaz ohartarazi dute

Bihar, 20:00etan, elkarretaratzea egingo da Iruñean, Merindadeen plazan, presoa bere eritasun larriarengatik aske utz dezatela eskatzeko

Mikel Mundiñano, Jaione Karrera eta Xochtil Karasatorre, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Etxerat-ek eta Sarek jakin dutenez, Logroñoko kartzelara hurreratuko dute Josetxo Arizkuren, egun Murtzia II espetxean den 62 urteko preso iruindarra. Alta, elkarteon ustez, erabakia «berandu» dator, eta ez da nahikoa. 2006tik bihotzean kardiopatia iskemikoa du Arizkurenek, eta, iragan igandean, bihotzekoak eman zion. Ostegunean harekin izan zen Jaione Karrera abokatua, eta, «ongi» aurkitu bazuen ere, berriro ere halako gertaera bat izateko «arrisku handia» duela uste du. Eritasun larria duten beste hamazazpi presoren moduan, Sarek eta Etxerat-ek Arizkuren aske uztea exijitu dute, eta dei egin diete herritarrei bihar, 20:00etan, Iruñeko Merindadeen plazan egingo den elkarretaratzera.

Atzo, agerraldia egin zuten Iruñean, Arizkurenen egoeraren berri emateko. Karrerak azaldu zuenez, Arizkuren lurrera zerraldo erori zen bihotzekoak eman zionean, baina berarekin zen kide batek erizaintzara eraman zuen. Erantzun azkar hura funtsezkoa izan zen Arizkurenek ondorio larriagorik izan ez dezan. Ospitalean kateterismo bat zein tronbektomia bat egin zizkioten, baita bihotzeko erresonantzia bat ere. Karreraren arabera, medikuek ikusi zuten bihotzekoak eman zion gunea leheneratu daitekeela.

Egoeraren hauskortasuna nabarmendu du Karrerak: «Zer gertatuko zen hurrengo batean horrelako gertakari larri batean ez balitz berehala artatuko eta premiaz erantzungo? Zergatik jartzen da arriskuan haren bizitza?».

Legeak dioenaren kontra, espetxeko zuzendaritzak ez zion gertaeraren berri eman sendiari. «Lortu dugun informazio apurra izan da nik neuk egindako gestioagatik, eta ez zuzendaritzak motu propio egin duelako». Arizkuren ospitaleko solairura eraman zutenean ere ez zioten telefono deirik egiten utzi. Horregatik, Karreraren ustez, besteak beste, ospitaleratutako presoen deiak arautzen dituenespetxe arloko 9/2001 instrukzio eguneratu beharko litzateke «espetxeko edozein arduradunek edo pertsonak ez dezan mugatu edo interpreta preso orori dagokion eskubidea».

Karreraren irudiko, presoa «berehala» eraman beharko lukete Logroñora, «anbulantzian edo ibilgailu egokitu batean». Azkenik, beharrezko ikusten du «6/2018 instrukzioa aplikatzea, eritasun sendaezin eta oso larriengatik espetxe zigorra eten ahal izateko prozedura arautzen duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.