Etxegabetzeak

Alarma egoera bukatu arte etxegabetzeak debekatzea onartu du Espainiako Gobernuak

Lege dekretuaren arabera, maiatzaren 9ra bitartean ezingo dituzte etxegabetu beste bizitokirik ez dutenak. Jabe handien etxebizitza hutsetan kontraturik gabe daudenen kasuan, debekua hiru hilabeterako da.

Etxegabetzeak debekatu dituzte 2021eko maitzaren 9ra arte. IñIGO URIZ / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko abenduaren 22a
15:13
Entzun

Etxegabetzeak debekatzeko lege dekretua onartu du Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak. Hori aintzat hartuta, COVID-19ak eragindako alarma egoerak iraun bitartean (2021eko maiatzaren 9ra arte) ezingo dituzte etxegabetu egoera zaurgarrian egon eta beste bizitokirik ez dutenak; ezta, datozen hiru hilabeteetan, jabe handien edo hamar eraikin baino gehiago dituztenen etxebizitza hutsetan kontraturik gabe daudenak ere. Bigarren multzokoen kasuan, zehaztapen bat: adingabeen edo menpeko pertsonen ardura eduki beharko dute, edo bestela indarkeria matxistaren biktima izan, kaleratuak ez izateko. Nolanahi ere, ez batzuei ez besteei ezingo diete oinarrizko hornidura —argia, ura eta gasa— eten.

Izurriak ekarritako krisi sanitario eta ekonomikoak eragindako etxegabetzeak 2021eko urtarrilaren 31ra arte debekatzea erabaki zuen gobernuak pandemiaren hasieran. Debeku hori maiatz hasiera arte luzatu du, eta baldintzak ere aldatu ditu. Izan ere, COVID-19agatik ez beste arrazoi batzuengatik pandemiaren aurretik egoera zaurgarrian daudenak ere biltzen ditu dekretuak. «Salbuespenekoa da [neurria], zailtasuneko ohiz kanpoko garai baterako», nabarmendu du Jose Luis Abalos Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroak, Ministroen Kontseiluaren ondoren egindako agerraldian.

Kontratua duten maizterren kasuan, jabe guztiak, izan norbanakoak zein higiezin enpresa handiak, konpentsazioak eskatzeko moduan egongo dira, gizarte zerbitzuek epaileari aurkeztu beharko dioten txostenak egiaztatzen badu etxegabetze agindua jaso dutenen zaurgarritasun ekonomikoa. Dekretuaren arabera, konpentsazioa kalkulatuko da, eraikina dagoen eremuan alokairuak duen batez besteko prezioa aintzat hartuta.

Jabe handiei dagokienez, gehienak inbertsio funtsak, finantza erakundeak edo, besteak beste, higiezinen sozietateak dira, eta haiek ere konpentsazioak eskatu ahal izango dituzte, egiaztatzen baldin badute etxegabetzeei ezarritako debekuak kalte ekonomikoak eragin dizkiela.

Etxegabetze agindua jaso dutenen zaurgarritasuna egiaztatuta gelditzen denetik, autonomia erkidegoek hiru hilabete edukiko dituzte horiei alternatiba bat eskaintzeko «etxebizitza duin baten» bidez. Egiten ez baldin badute, alokatzaileak konpentsatuko dituzte.

Podemos, pozik

Dekretuaren edukiak tentsioa eragin du azken asteotan PSOEren eta UP Unidas Podemosen artean, koalizio gobernuko bi bazkideen artean. Duela hilabete pasa, artean 2021eko aurrekontuak negoziatzen ari zirenean, etxegabetzeak eteteko zuzenketa bat jarri zuten UPk, EH Bilduk eta ERC Esquerra Republicanak. Eskatu zuten, besteak beste, etxegabetzeak egiteko debekua 2022ko abendura arte luzatzeko.

Abenduaren hasieran, ordea, zuzenketa kendu zuten, auzia bideratzeko dekretu bat onartzekotan zelako Espainiako Gobernua, bi indar subiranistek orduan argudiatu zutenez. Hiru aste geroago onartu du gobernuak, eta Gerardo Pisarello (UP) Espainiako Kongresuko Mahaiko idazkari lehena pozik agertu da prentsaren aurrean, iruditzen zaiolako debekua indarrean sartu dela etxebizitzen esparruko «lobbyen erresistentziak» gorabehera. «Ezkutuko alderdi baten gisara jokatu dute [lobbyek]».

Kaleratzeak Stop-entzat, ez da «aski»

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop taldearentzat «aurrerapauso bat» da Espainiako Gobernuak etxegabetzeak debekatzeko onartutako dekretua, baina ohar batean nabarmendu du hori ez dela «aski». Taldearen ustez, neurriak ez du «argi» uzten nortzuk diren «zaurgarriak», eta kritikatu du «epemuga bat» duela. Jabe handiak konpentsatzeko erabakia «onartezina» da Kaleratzeak Stop-entzat. «Pertsonen beharretatik abiatuta negozioa egiten ari dira».

Ekologistak Martxan-en arabera, berriz, «herritarren presioak» ekarri du oinarrizko hornidura etengo duen debekua. Ohar batean azpimarratu duenez, ordea, «argitu beharreko» zenbait «hutsune oso kezkagarri» ditu neurriak. Ekologistek nabarmendu dute Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak oraingoz kaleratutako informazioa aintzat hartuta egin dutela balorazioa, eta dekretua BOE Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean kaleratu zain daudela. Asteazkenean dira argitaratzekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.