Etxegabetzeak eteteko zuzenketa bat jarri dute EH Bilduk, ERCk eta UPk

Hiru indar politikoek planteatzen dute etxegabetzeak egiteko debekua orokorra izatea, eta hori 2022ko abendura arte luzatzea. PSOEk koalizio independentistaren babesa onetsi du, berriro

Matute (EH Bildu), Asens (UP), Aizpurua (EH Bildu), Rufian eta Telechea (ERC), atzo, Kongresuan. MARISCAL / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Etxegabetzeak eteteko eskatzen duen zuzenketa bateratu bat jarri diete EH Bilduk, ERC Esquerra Republicanak eta UP Unidas Podemosek Espainiako aurrekontuei. Espainian alarma egoera indarrean dagoen bitartean, beste tokirik ez dutenen etxegabetzeak eta oinarrizko horniduraren —argia, ura eta gasa— eteteak debekatzea planteatzen dute. COVID-19agatik, 2021eko urtarrilaren 31 arte debekatuta daude egoera zaurgarrian daudenen etxegabetzeak, baina hiru indar politikoek zera nahi dute, bestela ere egoera horretan daudenen etxegabetzeei ere eragitea neurriak. Hori, gainera, 2022ko abendura arte luzatu nahi dute, Jaume Asens UPko diputatuak prentsaren aurrean atzo azaldu zuenez. Hain zuzen, atzo bukatu zen Espainiako Gobernuak aurkeztutako 2021eko aurrekontuei zuzenketak egiteko epea.

Agerraldi horretan, parte hartu zuten Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Kongresuko bozeramaileak eta Gabriel Rufian ERCren ganberako eledunak ere. «Ez dugu itzuli nahi etxegabetzeek markatutako normalitate zaharrera, enplegu prekariora, nahikoa ez diren pentsioetara, energia txirotasunera eta pobreziaren feminizaziora», nabarmendu zuen Aizpuruak. Iruditzen zaio etorkizun «duin bat» eman behar zaiela gehien sufritzen ari direnei. EH Bildukoarentzat, eskaera «guztiz logikoa» da, eta garrantzi handiagoa dauka «osasun larrialdi egoera batean». Gogoratu zuen, bide batez, iaz 1.372 etxegabetze egin zirela Hego Euskal Herrian. Asensen esanetan, PSOEk bazuen zuzenketaren berri, eta «ulertu» du eskaera.

Aurrekontuen harira, Espainiako Gobernua prest dago gasolioaren zergaz hitz egiteko, Maria Jesus Montero bozeramaile eta Ogasun ministroak jakinarazi zuenez. PSOEk eta UPk osatutako gobernu koalizioak aurrekontuen proiektuan jaso zuenez, autoetan gasolioa darabiltenek gehiago ordaindu beharko dute zergetan: 2,3 euro gehiago 50 litroko. Eta horrek EAJ haserretu zuen duela hiru aste, argudiatuz horrek kalte egingo liokeela «Euskadiko autoaren industriari». Jeltzaleek, nolanahi ere, ez diote babesik ukatu aurrekontu proiektuari. Monterok aitortu zuenez, alderdi politikoen babesaren truke «amore eman» beharko dute zenbait kontutan.

Hain zuzen, EAJk 85 zuzenketa partzial jarri dizkie aurrekontuei, eta horietako batek eskatzen du gasolioaren zerga ez igotzeko. Alderdiak ohar batean azaldu duenez, gobernuarekin duen harreman «ona» dela medio, zuzenketa horietako «dezente» aurrekontuetan sartzea espero du.

«Guri tokatzen zaigu»

Gainera, PSOEk berriro onetsi behar izan zuen, atzo, EH Bilduk aurrekontuetan eskaini dion babesa. PSOEren zenbait buruzagik ez dute nahi koalizio independentistak Espainiako Gobernuak aurkeztutako 2021eko aurrekontuak babestea, eta, hain zuzen, EH Bilduk oraingoz plazaratutako babes horren aurka mintzatu dira azken egunetan. PSOEren iturriak aipatuz Espainiako zenbait hedabidek kaleratutako informazioaren arabera, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ez zuen begi onez ikusi harekin zuzenean hitz egin gabe hedabideetan aurrekontuen gaineko desadostasuna haizatzea. Aurrekontuak aurrera ateratzea lehenesten du alderdiak, eta EH Bilduren babesa onartzen du.

Adriana Lastra PSOEren Espainiako Kongresuko bozeramaileak argi utzi zuen hori, atzo. «Nik beti entzuten ditut erne gure adinekoak, baina orain guri tokatzen zaigu», nabarmendu zuen. Izan ere, Alfonso Guerra izan da EH Bilduren babesa onartzearen aurka gogorren mintzatu direnetako bat, PSOEren kide historikoa, Felipe Gonzalez Espainiako presidente zen garaian presidenteorde izandakoa. Egun, alderditik kanpo dago. «Belaunaldi berri bat gara, eta herrialdea eta PSOEren zuzendaritza zuzentzea tokatzen zaigu», gehitu zuen Lastrak.

Abenduaren 29an

Joan den astean, Kongresuak atzera bota zituen aurrekontu proiektuari jarritako osoko zuzenketak. Talde parlamentarioek jarritako zuzenketa partzialak aztertuko ditu orain koalizio gobernuak, eta horiei betoa jartzeko aukera du, iruditzen baldin bazaio aurrekontuari okerrerako eragiten diotela. Betoen galbahea igarotzen duten zuzenketak aurrekontuetarako batzordean eztabaidatu eta bozkatuko dituzte, sailez sail, datorren astean. 37 diputatu daude batzordean, eta 17 dira PSOEkoak eta UPkoak; hau da, ia gehiengo osoa dute, eta nahikoa tarte dute beharrezko babesak negoziatzeko. Behin batzordetik pasatuta, aurrekontuak hilaren 30ean helduko dira Kongresura, eta aste horretan eztabaidatu eta bozkatuko dituzte.

Kongresuko iturriak aipatuz Efe berri agentziak kaleratu duenez, gobernuak Senatutik bueltan, abenduaren 29rako deitutako osoko bilkura batean onartu nahi ditu behin betiko aurrekontuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.