Etxegabetzeak eteteko zuzenketa kendu dute ERCk, UPk eta EH Bilduk

Bi indar subiranistek argudiatu dute erabakia hartu dutela auzia bideratzeko lege dekretu bat onartzekotan delako Espainiako Gobernua

Aizpurua (EH Bildu), Asens (UP), eta Rufian (ERC), atzean, Kongresuan zuzenketa partziala aurkeztu zuten egunean, azaroaren 17an. MARISCAL / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Etxegabetzeak 2022ra arte eteteko orain dela bi aste Espainiako 2021eko aurrekontuei jarritako zuzenketa partzial bateratua kendu zuten atzo UP Unidas Podemosek, ERC Esquerra Republicanak eta EH Bilduk. Zuzenketa horrek PSOEko buruzagiak haserretu zituen. Baina joan den ostegunean, zuzenketa erregistratua izan eta astebetera, Pablo Iglesias UPko liderrak eta Espainiako Gobernuko presidenteorde bigarrenak jakinarazi zuen auzia bideratzeko neurriak aurkeztuko zituela PSOEk eta UPk osatutako koalizio gobernuak «hurrengo egunetan». Ministroen Kontseilua lege dekretu bat onartzekoa da laster. «Espero dut bi aste baino gehiago ez pasatzea», adierazi zuen Iglesiasek.

UPren iturriek Espainiako hedabideei adierazitakoaren arabera, dekretua Gabonak baino lehen sartuko da indarrean. Zuzenketa partzialaren alternatibak, ordea, bide luzeagoa egin beharko zuen, eta 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatu ahal izango zuten, azkarrenez.

EH Bilduk eta ERCk zuzenketa kendu zutela baieztatu zuten, ohar bateratu bat plazaratuz. Bi indar independentisten arabera, erabakia hartu dute «dekretu berriaren negoziazioa ez oztopatzeko, eta Unidas Podemosek jarrai dezan etxegabetzeen debekua barrutik negoziatzen». Uste dute «positiboa» dela gobernuak bere gain hartzea «etxegabetze guztien etetea». Iruditzen zaie, gainera, PSOEk haien «eskakizunak» onartu dituela, eta alde horretatik «zenbait konpromiso» hartzeko prest dagoela. Gogoratu dute, bide batez, auziari buruz bakarka aurkeztu zituzten zuzenketa partzialei eutsiko dietela, «Kongresuak gobernua estutzen» segitzeko. «Orain arte emandako pausoak ez dira nahikoa». Kendu izan ez balute, atzo zen Kongresuan bozkatzekoa joan den astean, aurrekontuen batzordean, EAJk, PSOEk eta Ciudadanosek atzera botatako zuzenketa bateratua.

Zer jasoko duen ez dago argi

Beste bizitokirik ez dutenen etxegabetzeak eta oinarrizko horniduraren —argia, ura eta gasa— eteteak debekatzea planteatzen zuten hiru indar politikoek zuzenketa bateratuan. COVID-19ak ekarritako krisi sanitario eta ekonomikoak eragindako etxegabetzeak 2021eko urtarrilaren 31 arte debekatzea erabaki zuen gobernuak pandemiaren hasieran, eta debekua luzatzea adostu zuten Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Iglesiasek.

Ez dago argi negoziatzen ari diren dekretuak zer jasoko duen. «Dekretu honek ez du etxegabetze guztiak eteteko gaitasuna», ohartarazi zuen Iglesiasek, lehengo astean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.