EUSKAL PRESOAK

Beste hamar euskal preso gerturatuko dituzte, eta bat Euskal Herriratuko dute

Orain arte, presoak gerturatzeko prozesuan eginiko mugimendurik handiena da; gerturatuko dituzten gehienak 700 kilometro baino urrunagoko espetxeetan daude. Ia denak bigarren gradura pasatuko dituzte.

Euskal presoen eskubideen aldeko martxa bat Bilbon, irailaren 19an. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2020ko abenduaren 30a
15:21
Entzun

Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, Espetxe Instituzioen Idazkaritza Nagusiak onetsi du hamar euskal preso Euskal Herri inguruan dauden kartzeletara gerturatzea eta bat Euskal Herriratzea. Iñigo Guridi, Igor Portu, Ainhoa Garcia, Manex Castro, Fermin Vila, Juan Carlos Besance, Javier Gallaga, Juan Carlos Iglesias, Iker Lima eta Endika Garate euskal presoak dira hurbildutakoak, eta Josune Arriaga Euskal Herriratutakoa. Orain arte kolpe bakarrean iragarritako preso mugimendurik handiena da.

Arriaga Topasen (460 km) ari da zigorra betetzen, eta Iruñeko kartzelara eramango dute. 2010eko maiatzean sartu zuten preso, 23 urteko zigorra betetzeko, eta 2023ko abenduan beteko ditu hiru laurdenak. Barne Ministerioaren arabera, espetxe legeria onartu, indarkeria alboratu eta eragindako oinazea aitortu ditu, eta ontzat jo dute lehen gradutik bigarrenera pasatzea.

Gainerakoak gerturatzea onetsi dute Espetxe Instituzioek. Juan Carlos Besance eta Juan Carlos Iglesias Dueñasera (315 km) gerturatuko dituzte. Besance Huelvan dago (1.000 km), eta 2010eko urritik 30 urteko zigorra betetzen ari da; 2033n beteko ditu hiru laurdenak. Iglesias, berriz, Villenan dago (700 km); 2003ko uztailean kartzelaratu zuten 30 urteko zigorra ezarrita, eta 2031n beteko ditu hiru laurdenak. Bigarren graduan jarriko dute aurrerantzean, eragindako oinazea aitortu eta indarkeria ez erabiltzeko konpormisoa hartu eta gero.

Fermin Vila ere Villenan dago preso, eta Zuerara (245 km) gerturatuko dute. 2014an sartu zen, 30 urteko zigorra betetzeko, eta hiru laurdenak 2036ko abenduan beteko ditu. Bigarren gradura igaroko dute.

Iker Lima Huelvatik (1.000 km) Mansillara (370 km) lekualdatuko dute. 2002ko azaroaren 25ean espetxeratu zuten, eta 25 urteko zigorra betetzen ari da; 2021eko abuztuan beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Hura da bigarren graduan jarriko ez duten bakarra; lehen gradua malgutuko diote.

Mansillara eramango dute Iñigo Guridi ere. 2001eko otsailean kartzelatu zuten, eta 30 urteko zigorra betetzen ari da Jaenen (775 km). 2023ko ekainean beteko ditu hiru laurdenak. Espetxe Instituzioek ontzat jo dute gradu progresioa, aintzat hartuta espetxe legeria onartzen eta eragindako kaltea aitortzen dituela.

Igor Portu Cordoban dago preso (835 km), eta Darocara lekualdatuko dute (345 km). 2008ko urtarrilaren 11n espetxeratu zuten, eta 40 urteko zigorra betetzen ari da. 2035eko ekainean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Barne Ministerioak dio espetxe legeria onartu duela, eta idatzi bat aurkeztu duela "jarduera terroristarekiko lotura" eteteko. Lehen gradutik bigarrenera pasatuko dute.

Javier Gallaga ere Darocara lekualdatuko dute, Cordobatik. 2004ko abenduaz geroztik dago presondegian, eta 30 urteko zigorraren hiru laurdenak 2027ko ekainean beteko ditu. Hura ere lehen graduan zen, eta bigarrenera igarotzea onartu dute Espetxe Instituzioek, argudiatuta indarkeria erabiltzeari uko egiten diola eta biktimei eragindako mina onartzen duela.

Darocara mugituko dute Manex Castro ere, Puerto III kartzelatik (1.020 km). 40 urteko zigorra betetzen ari da 2009ko martxoaz geroztik, eta 2039an beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Gainerakoen gisara, lehen gradutik bigarrenera igaroko da, argudiatuta espetxe legeria onartzen duela eta "jarduera terrorista" alboratu duela idatziz.

Ainhoa Garcia Topasen ari da 30 urteko zigorra betetzen, eta 2035eko martxoan beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Espetxeko Tratamentu Batzordeak proposatuta, ontzat jo dute hura bigarren graduan jartzea eta Asturiasko kartzelara lekualdatzea (385km). Barne MInisterioak nabarmendu du, espetxeko legeria onartzeaz gain, Garciak indarkeria arbuiatzen eta eragindako oinazea aitortzen duela.

Azkenik, Endika Garate Puerto I kartzelan dago (1.020 km), eta Duesora gerturatuko dute (170 km). 2016ko apiriletik dago kartzelan, 30 urteko zigorra betetzen, eta 2029an beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.

133 gerturatze eta Euskal Herriratze

2018ko ekainean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentetzara heldu zenetik, 133 preso mugitu dituzte: 31 Euskal Herriratu eta 102 Euskal Herri inguruetako espetxeetara hurbildu. Gainera, 66 presori eman diete bigarren gradua, eta hemezortziri hirugarrena.

11 euskal presoez gain, GRAPOko bat ere lekualdatuko dute Castellotik Madrilera -Manuel Perez Martinez, Camarada Arenas-, eta, beraz, hamabi dira Espainiako Gobernuak iragarritako mugimenduak. Horien aurrean, AVT biktimen elkarteak esan du Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak "hamabi kanpaikadak" eman dituela preso horiek gerturatuta, eta gogorarazi du hain justu gaur direla hamalau urte ETAk Barajasko aireportuan lehergailu bat jarri eta bi pertsona hil zituenetik. Atentatu hori egitea egotzita dago preso Igor Portu, eta, hura gerturatuko dituztenen artean egonda, AVTk nabarmendu du "are mingarriagoa" dela biktimentzat gerturatze horiek iragartzea atentatu horren urteurrenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.