EUSKAL PRESOAK

Foro Sozialak ontzat jo du «immobilismoa» gainditu izana, baina ez presoak «erdizka» hurbiltzea

Foro Sozial Iraunkorrak datozen hilabeteetarako erronkak zehaztu ditu.

Nazario Oleaga, Nekane Alzelai, Teresa Toda eta Agus Hernan. FORO SOZIAL IRAUNKORRA
jon olano
2021eko urtarrilaren 4a
12:30
Entzun

Aurkia eta ifrentzua. Bi aurpegi horiek ditu euskal presoen auziaren bilakaerak, Foro Sozial Iraunkorrak egoeraz eginiko azterketatik ondoriozta daitekeenez. Presoen auzia konpontzeko aurrerapenei, blokeoei eta atzerapausoei buruzko azterketa egin du Foro Sozial Iraunkorrak, eta azken urte eta erdiko bilakaeran bi ondorio nabarmendu ditu: Pedro Sanchezen gobernuaren neurriek gainditutzat ematen dutela Mariano Rajoyren gobernuaren garaiko «immobilismoa», baina ezin dituztela ontzat hartu orain arte eginiko «erdizkako» hurbilketak: «Ulertzen zailak dira. Datuek erakusten dute Euskal Herriko lau espetxeek badutela horretarako leku nahikoa».

Teresa Todak xehatu ditu azterketaren ondorioak: Euskal Preso Politikoen Kolektiboko preso gehienak 600 eta 1.100 kilometro bitarteko distantziara daude, lehen graduan: «Oraindik urrun gaude konponbide integralaren agertokitik, urrats positiboak egin diren arren. Gutxiengo bat dago Euskal Herriko espetxeetan». Todak nabarmendu du «gehiengo instituzional, sindikal eta sozial transbersal nahikoa" daudela «konponbide fase integral batean sartzeko». Adostasun horiek bi funtzio dituzte, Todaren esanetan: bat da «Espainiako Gobernuari palanka egitea, laguntza ematea irtenbide baten kontra dauden sektoreen aurrean»; bestetik, azaldu du Foro Sozialak 2018ko udazkenean planteatutako auziei ez zaiela erantzunik eman oraindik; alegia, 70 urtetik gorakoak eta gaixo daudenak espetxetik irteteko beharrari.

Hasi berri den urteari begira, eta txostena aztertuta, hurrengo faseak identifikatu ditu Nekane Alzelaik: batetik, «salbuespenezko egoerekin bukatzea»; bestetik, bigarrenean bi azpifase bereizi dituzte: birgizarteratzeko plan bat definitu beharra eta 7/2003 Legearen arabera zigortutakoei «konponbide egokia eta garaiekin bat datorrena» emateko beharra.

Hurbilketei dagokienez, eta birgizarteratzearen testuinguruan, Foro Sozial Iraunkorrak azaldu du preso eta senideentzat hobe dela «zigorra Villabona betetzea eta ez Algecirasen», baina galdera luzatu du: «Kontua da ze irizpideren arabera ezin diren Euskal Herriko espetxeetara hurbildu". Ildo horretan, Alzelaik eta Agus Hernanek gogorarazi dute adostasun instituzional, sindikal eta sozial «zabala» dagoela uste baten inguruan: Euskal Herriko espetxeetara ekartzeak bermatzen duela presoen errotzea. Adostasun hori %92 ingurukoa Eusko Legebiltzarrean eta %60koa Nafarroako Parlamentuan, Alzelairen hitzetan. «Espetxe politika normalizatu» bat ezartzearen alde daude Espainiako Kongresuko diputatuen %55 ere, Foro Sozial Iraunkorrak gogora ekarri duenez, eta Alzelaik izurriak sortutako egoerari ere erreferentzia egin dio presoak Euskal Herriratzeko: «Premiazkotzat jotzen dugu COVID-19 garaiotan senide eta hurbilei zigor gehigarria ezartzen dien urruntzea amaitzea».

Gizarteratzea eta 7/2003 Legea

Presoak saikatzeko graduei ere erreparatu die Foro Sozial Iraunkorrak. Gogorarazi du lehen graduan daudela gehienak, «kopuru nabarmen bat» bigarrenean eta «txiki bat» hirugarrenean. Gerturatzeekin batera gertatzen ari dira gradu progresioak: «Bigarren gradura igarotzea eta gerturatzea urrats positiboak dira norabide egokian, baina horrek balio behar du aurrera egiteko eta ez bide itsu batean trabatuta geratzeko». Zuerako espetxearen egoera jarri du adibide. Testuinguru horretan, salatu dute bi gaik baldintzatzen dutela presoei banakako programak ezartzeko aukera: «Berariazkoak ez izatea eta laguntzeko ardura duten funtzionario ugariren jokabide ideologikoak».

Euskal Herriratzeek eta gradu progresioak osatzen dute Foro Sozial Iraunkorrak aurkeztutako lehen fasea, eta birgizarteratzearena da bigarrena. Norabide horretan, Alzelaik aitortu du espetxe politikan aldaketa ez dela «lineala izango eta dagoeneko, gertatzen ari den bezala, aurrerapenak eta blokeoak» egongo direla. Haatik, fase berrian, uste du presoak gizarteratzeko plan bat egin behar dela, «erakunde publikoek gidatua eta eragileekin adostua, baldintzapeko askatasuna lortzeko eta birgizarteratzeko bidean laguntzeko».

Bestetik, beharrezko jo dute 7/2003 Legearen arabera zigortutakoentzat «garai politikoarekin bat datorren konponbide bat» ematea. Horretarako, uste dute nazioarteko estandarrei jarraitu beharko zaiela, «bakea bermatzeko eta gatazka ez errepikatzea ziurtatzeko. Zigor estrategiarekin amaitzea beharrezkoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.