EAE-KO AURREKONTUAK

Iriarteren iritziz, Eusko Jaurlaritzak «hanka sartuko du» gehiengo osoa baliatzen badu

EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak eskatuko dio Pedro Azpiazuri azal diezaiola «zer nahi duen».

Iriarte, Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Igor Susaeta.
2021eko urtarrilaren 7a
12:37
Entzun

EAEko aurrekontuez hitz egiteko bilera saila egingo du datozen egunetan Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak, eta bihar, hasteko, Maddalen Iriarterekin bilduko da (12:00). EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak Herri Irratian egin dioten elkarrizketa batean nabarmendu duenez, EAJk eta PSE-EEk koalizioan osatutako Eusko Jaurlaritzak «hanka sartuko du», baldin eta gehiengo osoa baliatzen badu «batera edo bestera egiteko une honetan», nahiz eta aitortu duen «bidezkoa» litzatekeela hori egitea. Iriartek eskatuko dio Azpiazuri azal diezaiola «zer nahi duen».

EH Bildukoaren hitzetan, Jaurlaritzak «auzolana» du ahotan egunero. «Baina azaldu beharko du zein den auzolan hori posible egiteko agertokia. Nire lehen legegintzaldiko lau urteetan, eta, jakina, pandemia hasi zenetik, ez dago auzolana posible egiteko modurik». Iriarteren ustez, horretarako behar dira «hausnartzeko espazioak, zeintzuetan adostuko dugun». Baina iruditzen zaio halako espaziorik ez dagoela, eta adibide bat jarri du: «Labik hartutako erabakien berri ere ez digu ematen gobernuak».

Denboran atzera egin du Iriartek, eta gogoratu du beste urte batzuetan, aurrekontuez «hertsiki» hitz egiten hasi aurretik, horien «gidalerroez» mintzatzeko bilerak egiten zituela Jaurlaritzak. «Aurten ez da halakorik egon».

Lehen bilera Iriarterekin egingo du Azpiazuk. Sailari datorren astean emango dio jarraipena. Voxekin bilduko da astelehenean, hilaren 11n, PP+C's-ekin hurrengo egunean, eta EP-IU Elkarrekin Podemos-IUrekin 13an.

«Negoziaziorako prestutasunez»

Aurrekontuetarako «proposamen nagusiak» aurkeztu ditu, gaur, EP-IUk, eta Miren Gorrotxategi koalizioaren legebiltzarreko bozeramaileak nabarmendu duenez, «negoziaziorako prestutasunez» mintzatuko dira Azpiazurekin, inongo «marra gorririk» jarri gabe.

Agerraldia egin dute gaur Gorrotxategik eta Jon Hernandez legebiltzarkideak Eusko Legebiltzarrean, eta eledunak gogoratu du iaz ez bezala, aurten ez dela «beharrezkoa» koalizioaren babesa aurrekontuak aurrera ateratzeko, kontuan hartuta EAJk eta PSE-EEk gehiengoa dutela. Iaz EPren babesa esker atera ahal izan zituzten, eta, handik aste batzuetara, dimisioa eman zuen Lander Martinez EAEko Ahal Dugu-ren idazkari nagusiak.

Hernandezek berretsi du Jaurlaritzarekin akordio batera iristeko prest daudela, baina «aurrekontuetan islatu behar den eredu aldaketa baten alde lan egiteko beharraz» ohartarazi du. Uste du Azpiazuk legebiltzarrera eramandako zirriborroa «oso urrun» dagoela «soziala» izatetik.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.