Euskal presoak

239 herritan egingo dira bihar mobilizazioak, «inoizko ordezkaritzarik zabalenarekin»

Bilbon eta Baionan egingo dira mobilizazio nagusiak, baina 414 herrik egin dute bat aldarriarekin. Sare Herritarrak kalean milaka pertsona batzea espero du, desberdinen arteko «adostasuna» oinarri.

Gaur goizean egin du Sare Herritarrak agerraldia, biharko ekitaldien berri emateko. SARE HERRITARRA
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko urtarrilaren 8a
12:28
Entzun

Euskal preso eta iheslarien etxeratzea exijitzeko asmoz, Sare Herritarrak eta Bakegileek deituta, 239 hiritan, herritan eta auzotan egingo dira bihar mobilizazioak; gehienak, 17:30ean. Hala ere, 414 herrik egin dute bat mobilizazioekin. Bilbon eta Baionan egingo dira ekitaldi nagusiak, eta Sarek gaur goizean eginiko agerraldi batean jakinarazi du mobilizazioek «inoizko» ordezkaritza politiko, sindikal eta sozial zabalena izango dutela.

Ekitaldi nagusiei dagokienez, lehena Bilboko Euskalduna Jauregian egingo dute, 11:30ean, eta Paul Rios eta Nekane Altzelai izango dira hitza hartzen lehenak. Gainera, Sarek azaldu du alderdi politikoetako ordezkariak ere bertaratuko direla. Hain zuzen, EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta Geroa Baik egin dute bat deialdiarekin. ELA, LAB, UGT, CCOO, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuetako ordezkaritza bat ere bertan izango da, eta deialdiarekin ere bat egin dute Kataluniako alderdi zenbaitek eta beste hainbeste norbanakok, hala nola Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak eta Quim Torra Kataluniako presidente ohiak. 

Hala ere, mobilizazio gehienak arratsaldean egingo dira. Bilbon, 16:30ean hasiko da, Plaza Eliptikotik (Moyua Plaza), eta 17:30ean amaituko da, Bilboko udaletxearen aurrean, ekitaldi nagusiarekin. Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohiak eta Amaia Goirigolzarri abokatuak hartuko dute hitza. Baionan, berriz, giza kate argitsu bat egingo dute 17:30ean, eta Errobi ibaiaren inguruak argiztatzea izango da helburua, Aturriraino, zortzi eremutan banatuta. Beste lurraldeetako mobilizazioei dagokienez, Araban hamazazpi herritan egingo dira, Bizkaian 74tan, Gipuzkoan 69tan eta Nafarroan 78tan.

Kaleak jendez betetzea espero dute antolatzaileek. «Ez pandemiak, ez eguraldiaren aurreikuspenek, ez dute gehiegi laguntzen, baina ziur gaude ditugun datuak ikusita, aurten ere milaka herritar batuko direla euskal presoen eskubideen urraketekin amaitzeko, eta Euskal Herrira itzultzen hasteko deialdiarekin, bizikidetzaren eta bakearen alde», adierazi dute Sareko bozeramaileek. Gainera, erantsi dute mobilizazio guztiak osasun adituek ezarritako argibideak kontuan hartuta egingo direla.

Adostasuna helburu

Sarek eskerrak eman nahi izan dizkie aldarrikapenarekin bat egin duten eragile eta norbanako guztiei. «Sarerentzat, oso garrantzitsua da desberdinen arteko adostasun eta akordioak lortzea, euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe politika honekin amaitu eta bizikidetzan eta konponbidean aurrera egiteko». Haren arabera, horretarako «ezinbestekoa» da gizarte aktibazioa ere. Beraz, herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko dei egin diete. «2021 konponbidearen urtea izan behar da, eta guztion artean lortuko dugu»

Mobilizazioak herrietan

Araba: Urduña, Laudio, Amurrio, Okondo, Otxandio, Legutio, Urkabustaiz, Zuia, Zigoitia, Espejo, Gasteiz, Agurain, Maeztu, Kanpezu, Biasteri, Trebiñu, Urizaharra

Bizkaia: Elorrio, Abadiño, Abanto, Algorta, Alonsotegi, Areatza, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Artea, Atxondo, Aulesti, Bakio, Barakaldo, Basauri, Berango, Bermeo, Bilbo, Busturi, Derio, Dima, Durango, Ea, Zornotza, Erandio, Ermua, Etxebarri, Foru, Fruiz, Galdakao, Gernika, Gorliz, Igorre, Itzulbaltzeta, Iurreta, Larrabetzu, Leioa, Lekeitio, Lemoa, Lezama, Mañaria, Markina, Mungia, Musikz, Nabarniz, Ondarru, Zalla, Plentzia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sondika, Sopela, Sopuerta, Ugao, Urduliz, Usansolo, Zaldibar, Zamudio, Zeanuri, Zeberio, Zierbena, Sodupe, Arratzu, Muxika, Jatabe, Ibarrangelu, Ortuella, Trapaga, Balmaseda, Sopuerta, Galdames, Mallabia (Ermuara), Murueta (Busturira), Ziortza (Markinara)

Gipuzkoa: Errenteria, Oiartzun, Irun, Hondarribia, Lezo, San Pedro, Trintxerpe, Pasai Antxo, Donibane, Lasarte, Hernani, Andoain, Usurbil, Urnieta, Astigarraga, Donostia, Añorga, Anoeta, Lizartza, Billabona, Tolosa, Berastegi, Irura, Ibarra, Zizurkil, Orexa, Amezketa, Bidaina Goiatz, Ikaztegieta, Leaburu-Txarama, Gaztelu, Alegia, Orio, Getaria, Zumaia, Zarautz, Azpeitia, Azkoitia, Errezil, Zestoa, Lazkao, Beasain, Ordizia, Legazpi, Urretxu-Zumarraga, Zaldibi, Legorreta, Idiazabal, Ataun, Zegama, Segura, Ormaiztegi, Ezkio, Itsaso, Gabiria, Soraluze, Eibar, Elgoibar, Deba, Itziar, Mutriku, Bergara, Arrasate, Eskoriatza, Aretxabaleta, Oñati, Antzuola, Itsasondo, Altzo.

Nafarroa: Araitzu/Betelu, Aizarotz, Agoitz, Altsasu, Aranguren, Arantza, Arbizu, Arrosadia (Iruñea), Arrotxapea (Iruñea), Arruazu, Artika/Berriobeiti, Atarrabia, Aurizberri, Alde Zaharra (Iruñea), Bakaiku, Barañain, Bera, Berriozar, Beruete, Burlata, Donibane (Iruñea), Elizondo, Eraso, Izaba, Erratzu, Etxabakoitz, Etxalar, Etxaleku, Etxarrentzulo Girgillao, Etxarri Aranatz, Gares, Gartzaron, Goizueta, Igantzi, Irañeta, Irunberri, Irurtzun, Itsaso, Iturmendi, Iturrama (Iruñea), Jauntsarats, Kaseda, Lakuntza, Larraga, Lekunberri, Leitza, Lesaka, Lizarra, Lizarraga, Lizarragabengoa, Lodosa, Doneztebe, Mendigorria, Medillorri (Iruñea), Noain, Obanos, Olazti, Oltza/Etxauri, Orkoien, Sanduzelai (Iruñea), Udabe/Beramendi, Sarriguren, Tafalla, Uharte, Uharte Arakil, Ultzama, Urdiain, Urritzi, Zangotza, Ziordia, Zirauki, Zizur, Zubiri, Txantrea (Iruñea), Antsoain, Tutera, Galarko Espartza.

Lapurdi: Baiona

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.