memoria

Gonzalezen eta GALen arteko lotura ikertzeko eskatu dio Zabalak fiskaltzari

Atentatuak eta desagertze behartuak egitea eragin ote zuen aztertzeko eskatu dio Gipuzkoako Fiskaltzari.

Felipe Gonzalez, artxiboko irudi batean. FERNANDO VILLAR / EFE
2021eko urtarrilaren 11
08:05
Entzun

Pili Zabalak, Joxi Zabala zenaren arrebak, Espainiako presidente ohi Felipe Gonzalezek GALekin izaniko lotura ikertzeko eskatu dio Gipuzkoako Fiskaltzari. Zabalak joan den ekainean iragarri zuen GAL ikertzeko plataforma independente bat sustatuko zuela, «kasua ikertzen laguntzeko». Sare sozialen bidez berretsi du mezua, eta laguntza eskatu prozesuak aurrera egin dezan: «Agian erregeek opari utopiko bat ekarri didate, baina zuekin partekatu nahi dut. Utopiak ibiltzeko balio du eta Felipe Gonzalezek badaki lehenago edo beranduago egia horretara iritsiko garela».

Fiskaltzari aurkeztutako egitasmoarekin, Zabalak eskatu du ikerketa ekinbide bat hasteko, argitu dadin ea Felipe Gonzalezen aurkako salaketa bat jar daitekeen, «ustez GALen bidez atentatuak eta desagertze behartuak egitea eragiteagatik». Era berean, ikertzeko exijitu du ea Espainiako presidente kargua baliatu zuen «erreserbatutako funtsen bidez giza eskubideen urraketa larriak onartzeko, finantzatzeko edo estaltzeko».

Delitu horiek preskribatuta daudela ondorioztatuz gero, eta horrek prozesu berri bat irekitzea eragotziko balu, Zabalak eskatu du Juan Carlos Garcia Goenaren hilketaren kasura gehitzeko. Garcia Goena 1987an hil zuen GALek, Hendaian, haren autoan lehergailu bat jarrita, eta kasua irekita dago oraindik. Atentatu haren atzean Espainiako Barne Ministerioa zegoela adierazi zuen Jose Amedo GALeko buru izandakoak: «Rafael Verak badaki nor izan den». Vera Espainiako Gobernuko Segurtasunerako estatu idazkari zen orduan. Gerora, Segundo Mareyren hilketagatik eta GAL finantzatzeko diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik kondenatu zuten.

Horrez gain, Zabalak gogoratu du AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak 1984an eginiko txosten batek —duela hilabete batzuk publiko egina— «terroristak legez kanpo borrokatzeko mertzenario taldeen sorrerarekin» lotu zuela Gonzalez. Sinesgarritasuna ematen dio CIAren txostenari, argudiatuz haren argitaratze data «Espainiako Gobernua GALen atzean zegoela zioten lehen argitalpenen aurretik» egina dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.