AEB-Kuba

Kuba «terrorismoa babesten duten herrialdeen» zerrendan sartu du Trumpek

Bruno Rodriguezek adierazi du Bidenek Habanarekin elkarrizketak hastea «oztopatu» nahi duela.

Donald Trump, artxiboko irudi batean. YURI GRIPAS / POOL / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko urtarrilaren 12a
09:22
Entzun

Donald Trumpek zeresana eman nahi du AEBetako presidente karguan irauten duen bitartean. Haren aurkako impeachment prozesua hasi berri den honetan, eta Joe Bidenek karguari zin egiteko astebete falta dela, nazioarteko egoera politikoan eragingo duten hainbat erabaki hartzen ari da Etxe Zuria. Lehenik, hutiak talde terrorista izendatuko zituela adierazi zuen Mike Pompeo estatu idazkariak, eta, ondoren, Kuba «terrorismoa babesten duten estatuen» zerrendan berrezarriko dutela. Gaur egun, Kubarekin batera, Venezuelak, Iranek, Ipar Koreak eta Siriak osatzen dute AEBen zerrenda beltza.

Kuba 1982an sartu zuten AEBek «terrorismoa babesten dute herrialdeen» zerrendan. Barack Obama presidente ohiaren agintaldian, ordea, AEBen eta Karibeko irlaren arteko harremanek hobera egin zuten, eta horrekin batera kendu zuten AEBek Kuba zerrenda beltzetik, 2015ean. Trumpek, Etxe Zurira iristearekin batera, eten egin zuen Obamak 2014an Habanarekin hasitako elkarrizketa prozesua. Bide horri jarraikiz, iazko maiatzean, AEBen terrorismoaren aurkako ahaleginekin «guztiz kooperatzen ez duten» herrialdeen zerrendan sartu zuen Karibeko herrialdea. Orain, Pompeoren iragarpenak beste atzerapauso bat eragingo du bi herrialdeen arteko harremanetan, Bidenek bi aldeko elkarrizketak hastea zailduz. 

«Ekinbide honekin, beste behin ere Kubako Gobernua egingo dugu arduradun, eta mezu garbi bat bidaliko dugu: Castrotarren erregimenak amaiera eman behar dio nazioarteko terrorismoa babesteari eta AEBetako justizia nahasteari». Hala arrazoitu du erabakia Pompeok, eta gaineratu Kubak «nazioarteko terroristen aterpe seguru» gisa funtzionatu duela. Adibide gisa jarri du ELN miliziako hamar gerrillari estraditatzeari uko egin izana. Kolonbiako Gobernuarekin hasitako elkarrizketa prozesuan parte hartzeko iritsi ziren kide horiek Kubara, baina Bogotak haien estradizioa eskatu zuen negoziazioak eten ostean, Bogotako Polizia akademiari eraso egitea egotzita. Kubak, ordea, elkarrizketen bermerako herrialde gisa, adierazi du estradizioak nazioarteko protokoloen haustura eragingo lukeela. Horregatik, besteak beste, «nazioarteko terrorismoa babesteari uzteko konpromisoa» haustea egotzi dio Pompeok. Horrez gain, FARCeko disidenteak eta AEBetako hainbat iheslari babesteaz ere akusatu du.

Era berean, Habanak Caracasekin dituen harremanak kritikatu ditu AEBetako estatu idazkariak, eta Hego Amerikan «maltzurki» jokatzeaz akusatu du Raul Castroren gobernua. Pompeoren esanetan, Habanak Nicolas Maduroren gobernuari lagundu dio «herriarekiko duen nagusitasuna» mantentzen.

Zerrenda beltzean sartzeak merkataritza mugatzeko trabak eta zigor ekonomikoak ezartzea dakar. Kubarekin kasuan, baina, jada jasaten ditu halakoak, AEBek ezarritako blokeo komertzial eta finantzarioaren eraginez. Beraz, Pompeok azaldu duenez, hartu berri duten erabakiak Kubarekin harreman ekonomikoak dituzten pertsonen eta herrialdeen aurkakoak ere izango dira. 

Erabaki «hipokrita»

Kubako Atzerri ministro Bruno Rodriguezek azaroaren amaieran adierazi zuen Trumpek halako erabaki bat har zezakeela, «Floridako Kubaren aurkako gutxiengoa» men eginez. Orduan, AEBak jo zituen «Kubaren aurka egiten duten talde terroristen gotorleku» gisa. Erabakiaren ostean, berriz, «hipokritatzat» jo du erabakia. Haren esanetan, ekimena Trumpen «oportunismo politikoaren» ondorio da. «Kuba ez da terrorismoaren babesle», berretsi du Rodriguezek, «bere forma guztietan arbuiatzen du».

Hori bakarrik ez, Obamaren presidenteorde zena presidente bilakatzear dela, elkarrizketak berriz abiatzeari «oztopoak» jartzeaz akusatu du Washington, eta Habana hark babestutako «terrorismoaren biktima» dela nabarmendu. Izan ere, Rodriguezen esanetan, AEBek 3.478 lagun hil eta beste 2.099 zauritu dituzte Kuban. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.