lan baldintzak

Artisten Estatutua diseinatzeko lantaldea eratzea proposatu EH Bilduk

Uste du premiazkoa dela arau propio bat izatea, gutxieneko lan baldintzak bermatu eta sormena erraztu ahal izateko. 

Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkidea gaur goizean egindako agerraldian. ENDIKA PORTILLO/FOKU
aitor biain
2021eko urtarrilaren 12a
13:30
Entzun

EH Bilduren iritziz,  premiazkoa da Artistaren, Sortzailearen eta Kultur Langilearen Euskal Estatutua sortzea, eta Eusko Legebiltzarrean hori diseinatu edo onartuko lukeen lantaldea eratzea proposatu du. Goizean erregistratu du legez besteko proposamena. EH Bilduren ustez, arauak «pluraltasunean, adostasunaren eta parte hartze zabalaren emaitza» izan beharko luke, bai alderdi politikoen aldetik eta bai sektoreko eragileen aldetik ere, «eta ez Jaurlaritzaren erabaki bertikal bat». Izan ere, Eusko Jaurlaritzak estatutua sortzeko borondatea agertu zuen legealdiaren hasieran, baina gaur-gaurkoz ez du ezer aurreratu asmo horren inguruan. 

Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du dagoeneko badela Espainian artisten estatutu bat, baina uste du «ezinbestekoa» dela arau propio bat izatea, besteak beste, kultur jarduerari eragiten dioten «berezitasunak» daudelako hemen, izan zerga sistemari lotutakoak, izan kultura arloko eskumenei dagozkienak. 

Estarronak uste du, baina, lantaldea eratzeko baldintza guztiak betetzen direla: batetik, Jaurlaritzak berak ere arau horren beharra ikusten duelako, eta, bestetik, «kultur ekosistemako eragileek prest daudelako parte hartze zabala bermatuko duen espazio batean ekarpenak egiteko». Haren iritziz, hain zuzen ere, legebiltzarrean lantalde bat eratzea formula aproposa izan daiteke alde guztien ekarpenak jasotzeko. 

Baldintza egokiak
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du sormen eta arte jarduerak zenbait «berezitasun» dituztela, lan horiek egitea baldintzatzen dituztenak: hala nola aldi baterako edota aldizkako kontratuak, sektorearen heterogeneotasuna, proiektuetan oinarritutako lan jarduera edota sorkuntza prozesuaren emaitzei lotutako «ziurgabetasuna». Hori horrela, uste du sektorean diharduten profesionalek eta enpresek «sorkuntza ahalbidetuko eta erraztuko duen esparru arau bat» behar dutela. 

«Kultura eta sormen arloko profesionalek eta enpresek baldintza egokiak behar dituzte; gutxieneko lan baldintzak ezarriko dituena, babes soziala emateko esparrua egokituko duena, erretiro saria eta egile eskubideengatiko diru sarrerak bateragarri egingo dituena, fiskalitatea moldatuko duena, finantzaketa erraztuko duena, euren lana zabaltzeko eta nazioartekotzeko aukerak areagotuko dituena, kontratazioak erregulatuko dituena», adierazi du Estarronak. Eta zera erantsi du: «Arau horietako batzuk garatzeko eskumenik ez badugu ere, asko eta asko gure esku daude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.