Kultur langileen estatutu bat eratu nahi du Eusko Jaurlaritzak

Zupiriak kultur sektorea profesionalizatzea jarri du legealdiko helburutzat. 'Euskariana' Euskal Kulturaren Atari Digitala ere sortuko dute, digitalizazioan sakontzeko tresna gisa

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza politikako sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Bingen Zupiriak ardura eta eginkizun berriekin ekin dio legealdi berriari; Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren karguaz gain, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile kargua ere haren gain jarri baitu lehendakariak. Lan ardatz berriak izango baditu ere, sailaren ardura nagusia datozen lau urteetan aurreko agintaldian hasitako suspertze eta berregituraketa ahaleginari jarraitutasuna ematea izango da. Hala jakinarazi zuen Zupiriak berak atzo, legealdiko asmoen berri emateko Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian.

2008ko krisiak kulturaren sektorean eragindako ondorioei erantzutea izan zen sailaren egiteko nagusia aurreko agintaldian, baina COVID-19aren izurriak kolpean eten zuen ahalegin hori, eta, orain, are gehiago makurtu eta zaildu da egoera. Zupiriak aitortu zuen ziurgabetasuna handia dela, eta luze iraun dezakeela egoerak traza horretan. Hori dela eta, nabarmendu zuen pandemiaren itzalak eragin nabarmena izango duela sailak hartzen dituen erabakietan ere. Nolanahi ere, hark zuzentzen duen taldeak datozen lau urteetan izango dituen asmoak eta erronkak zerrendatu zituen. Bost lan ildo dira denera: bost konpromiso.

ESTATUTUA

Kultur sortzaileekin eta ekoizleekin du lotura lehen helburuak. «Euskadi herri sortzailea izatea nahi dugu», esan zuen Zupiriak. Eta, horretarako, ezinbestekotzat jo zuen sortzaileen lan baldintzetan eta profesionalizazioan sakontzea; izan ere, sailburuaren hitzetan, alderdi horretan daude sektorearen ahuldade nagusiak. Bada, horri aurre egiteko, kultur profesioen inguruko estatutu bat sortzeko asmoa du Jaurlaritzak.

2018an Espainiako kongresuan abiatu zuten egitasmoa, baina testu hark ez zuen jarraipenik izan, eta, Jaurlaritzaren iritziz, koronabirusaren krisiak agerian utzi du «erregulazio eta profesionalizazio egoki baten beharra» dagoela. Estatutu haren baliokide izango litzatekeen araudi bat onartu nahi du behar hori estaltzeko.

Ildo horretan, Zupiriak azpimarratu zuen foru aldundiekin eta Madrilekin aztertuko dituztela fiskalitateari dagozkion puntuak ere, ogasunek sektoreko kultur langileen «bereizgarritasunak» aintzat har ditzaten. Kulturgileei eskainitako laguntzak beharrizan berrietara egokituko dituztela ere aipatu zuen.

ARTEAREN EUSKAL SISTEMA

Kultur eskaintza indartzea eta sustatzea ere helburuen artean jarri zuen sailburuak. «Kulturaren Euskal Hiria eraikitzen lagundu nahi dugu», esan zuen. Izurriaren ondorioz eskaintza hori eten egin bada ere, egoerak uzten duen heinean berreskuratzeko lan egingo dutela azpimarratu zuen. Nazioarteko proiekzioa duen Artearen Euskal Sistema eratuko du Jaurlaritzak horretarako. Sistema horrek eragileen arteko lankidetza antolatu eta indartu nahi du, sorkuntzaren sustapena bultzatu eta lanen hedapena zabaltzeko. Museoen sarea ere berritu nahi du Zupiriak.

ONDAREA

Aurreko legealdian onartu zuen Kultur Ondarearen Legean sakondu nahi du Jaurlaritzak datozen urteetan ere. Horretarako, Euskadiko Industria Ondarearen Zentroa eraikiko du Barakaldon (Bizkaia). «Memoria bizia eraiki nahi dugu, herri gisa, gure iraganaren memoria zaintzeko eta etorkizunean duen eragina aintzat hartzeko», esan zuen Zupiriak.

DIGITALIZAZIOA

Sailburuak digitalizazioa jarri zuen laugarren erronkatzat; izan ere, haren hitzetan, mundu digitala «behar bezala jorratu gabeko eremua» da euskal kultur sektorearentzat, eta pandemiak agerian utzi du hori. Hori horrela, «lehentasunezko lan ildo gisa» jarri du digitalizazioa Kultura sailak, eta trantsizioa egiten laguntzeko neurriak eta laguntzak iragarri zituen Zupiriak.

Euskal Kulturaren Atari Digitala da horietako bat. Euskariana izeneko plataforma digitalean bilduko dira «euskal kulturaren alor guztietako erreferentziak eta askotariko informazioak». «Gure kultur sorkuntza eta ondarearen bilgune, informazio iturri eta erakusleiho digital nagusia izango da, eta oinarrizko lanabes bat ere bai, euskal kulturaren digitalizazioan eta ikusgarritasun digitalean», esan zuen Zupiriak.

Liburutegi Nazional Digital baten «eredu berritzailea» izango da, eta hari lotuta egongo da eliburutegia, hain zuzen ere; edukiak eta datuak partekatuko dituzte. Itxialdiaren garaian plataformak izan dituen «inoizko daturik onenak» baliatu nahi ditu Kultura sailak erabiltzaileen interesei eutsi eta irakurle berriengana heltzeko. Horrez gain, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea handitzen jarraitzea eta Irakurketa Sustatzeko Euskal Plana zehaztu eta onartzea ere jarri dute eginbidetzat.

EKARPEN EKONOMIKOA

Zupiriak agerraldian azaldu zuenez, kulturak EAEko enpleguaren %1,7 ordezkatzen du (15.000 behargin inguru), eta BPG barne produktu gordinari egiten dion ekarpena 1.700 milioi eurokoa da, Orkestra institutuaren arabera, baina oraindik aisialdiarekin lotutako beste jarduera batzuekin nahasten da egiten diren azterketetan. Hori dela eta, sektoreak ekonomiari egiten dion «benetako ekarpena» zehaztea eta ezagutaraztea nahi du Kultura sailak. «Hala, kulturaren arlo ekonomikoa aldarrikatzea eta defendatzea ere izango da gure konpromisoa, eta alor hori balioan jarrita, kulturak merezi duen eta dagokion aitorpena areagotzea».

ETXEPARE INSTITUTUA

Etxepare institutua sortu zenetik 10 urte bete dira aurten, eta urte hauetan egindako lana nabarmendu zuen sailburuak.«Asko eta nabarmenak dira egindako aurrerapenak». Euskara eta euskal kultura munduratzen egindako ahaleginak azpimarratu zituen Zupiriak, eta adierazi zuen aurrerantzean ere asmo eta tresna horiek izango dituztela ardatz. «Helburuak eta ildo estrategikoak ongi finkatuak ditu».

HIZKUNTZA POLITIKA

Hizkuntza politikari dagokionez, hiru lan ildo nabarmendu zituen sailburuak: euskararen ezagutza eta erabilera areagotzea; hizkuntza eskubideak bermatzea, eta euskararen lurralde guztietan erakundeen arteko lankidetza indartzea. Hala, iragarri zuen euskara ikastea doakoa izango dela C1 maila egiaztatzen duten 16 eta 30 urte bitarteko ikasleentzat. Eta erronka gisa jarri zuen euskararentzat eremu berriak «irabaztea»: lan arloari, kirolari edo ingurune digitalari arreta berezia jarrita. «Gizarteak euskara lagun eta bidelagun sentitu behar du», esan zuen Zupiriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.