Zubietako erraustegian piztutako sutea «kontrolatu» dute

GHKren arabera, instalazioko langileen eta suhiltzaileen «gainbegiradapean» dago sutea. GuraSOSek jakinarazi duenez, Gipuzkoako Fiskaltzak ikertu egingo du erraustegiaren funtzionamendua, legez kanpokoa ote den deliberatzeko.

Zubietako erraustegia martxan, artxiboko argazkian. GORKA RUBIO, FOKU
2021eko urtarrilaren 12a
15:34
Entzun

SOS Deiek adierazi dutenez, sute bat piztu da Zubietako erraustegian. Azaldu duenez, larrialdi zerbitzuak joan dira erraustegira, eta enpresako langileekin batera lortu dute kontrolpean hartzea. SOS Deiek abisua eman eta bizpahiru ordura, ohar bat kaleratu du GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, eta nabarmendu «enpresako langileek eta suhiltzaileek» sua «itzali» dutela, «kontrolatu», eta instalazioko langileen eta suhiltzaileen  «gainbegiradapean» dagoela.

SOS Deiek adierazi dute sutea «erabat amatatu» arte kea izango dela inguruetan. GHK-ren oharraren arabera, bolumen handiko hondakinen hobian gertatu da sutea. Nabarmendu du, halere, ez duela «inolako kalterik» eragin.

Oraingoz, ordea, ez dago itzalita, eta SOS Deiek aurreratu dutenez, kea izango da inguruetan «erabat amatatu» arte. Oraindik ez dute jakinarazi zerk eragin duen sua, baina ez da lehen aldia horrelakorik gertatzen dela. Irailean transformadore nagusia erre egin zen, eta hain zuzen, GHK-k joan den asteburuan jarri zuen martxan berriro, ohar batean azaldu zuenez, «normaltasun osoz eta topera». Berriak jakin duenez, erraustegiaren kudeatzaile Ekondakinek Jaurlaritzako Industria saileko teknikariei esan dienez, hondakinek su hartu dute Zubietako erraustegiaren barruan, eta suhiltzaileek beraiek amatatu behar izan dute. Enpresako iturrien arabera, beraz, suak ez luke zerikusirik izango konektatu berri den transformadorearekin. Berriak langileen iturrietatik baieztatu du tesi hori, alegia, sua hondakin lehorren hobian hasi dela.

GHKren oharraren arabera, transformadorea konponduta zegoen eta azterketa guztiak gainditu zituen berriro martxan jarri aurretik. Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailari jakinarazi zioten, gainera, berriro martxan jartzera zihoazela. Azterketa horiek gainditu ostean, ostiralean hasi ziren transformadorea berriro martxan jartzeko lanean, «pizteko hornitzaileak emandako protokoloak jarraituz». GuraSOSek aurretik salatua duenez, bi alditan saiatu dira pizten, eta ez zuten lortu.

Zubietako erraustegia 2019an jarri zuten martxan probetan. Abenduan GuraSOSek salatu zuen berez zazpi hilabete eta erdiko probaldi bat zeukala: «Baina orain, hemezortzi hilabete geroago, probaldian jarraitzen du, eta horrek argi uzten du ingurumen baimen integratua iraungita dagoela». Ingurumen Saileko arduradunak prebarikazio delitu bat egin ote duten aztertuko dutela erantsi zuen GuraSOSek. Talde horrek hedabideei deialdi bat bidali die bihar, eta iragarri du Gipuzkoako Fiskaltzak aintzat hartu duela erraustegiaren legeztatze prozesuan izandako ustezko irregulartasunen inguruko salaketa. Horri buruzko ikerketa abiatuko duela jakinarazi du.

Plataforma horrek berak abenduan salatu zuen labea homologatu gabe ari direla probak egiten. Labeek martxan jartzeko behar duten homologazio hori lortzeko, aztertzen dute ongi funtzionatzen ote duten diseinatuta dauden gasarekin eta presioarekin, eta zehaztutako erretze parametroak betetzen ote diren. Plataformak nabarmendu zuen abenduan dioxinen sorrera gutxitzeko beharrezkoa dela 850 gradu zentigradura iristea, eta horretarako behar dela gasa prozesuan, tenperatura konstantea izan dadin.

Erraustegia 2020ko abenduan jarri zuten martxan ofizialki. Abenduaren 11n hasi zen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa erraustegia kudeatzen duten enpresei azpiegiturengatik ordaintzen, eta behin betiko funtzionamenduari ekin zioten. Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Jose Ignazio Asensio Ingurumen diputatua izan ziren bisitan egun horretan. Olanoren arabera, Europako iparraldeko beste herrialde batzuen maila berean koka daiteke, hala nola Alemaniaren parean. Gainera, erantsi zuen erraustegia Europan hondakinen kudeaketarako erreferentzia bat ere badela.

Atzo GHK-k berak ohar batean adierazi zuenez, epaileak ez du onartu erraustegiaren aurkako kautela neurriak ezartzea, GuraSOSek eskatua zuen bezala. Izan ere, talde horrek salatua zuen azpiegitura martxan jartzeko prozedura. Izan ere, haren iritziz, Jaurlaritzak Ingurumen Baimen Bateratuaren (IBB) eraginkortasuna agindu ostean eduki zuen matxura transformadore nagusia, pizten saiatu zirenean. GuraSOSen arabera, horrek frogatuko luke gailu hori ez zegoela martxan ingurumen baimena eman ziotenean, eta, artean probak egiten ari zirela. Baina IBBaren eraginkortasuna emateko ezinbestekoa da obrak guztiz amaituta egotea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.