Lan osasuna

Amiantoa arnasteagatik gaixotutako langile bat hil da

Mungiako Brunnschweiler enpresan egin zuen lan.

Amiantoaren biktimen elkarteren protesta bat, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 13a
11:21
Entzun

Aurtengo lehen lan istripu hilgarriaren biharamunean zabaldu da amiantoak urteko lehen biktima eragin duela. ELAk eman du horren berri, baina ez du hildakoaren izena jakinarazi. Soilik hamazazpi urtez egin zuela lan Brunnschweiler enpresan, Mungian (Bizkaia). Hain zuzen ere, lurrun instalazioak mantentzeaz eta muntatzeaz arduratu zen, eta haren zeregin nagusietako bat zen amiantoz estalitako hodiak desegitea soplete bidezko ebaketaren bidez, «jakin gabe ebaketa lan horietan amianto zuntzak arnasteak osasunerako zer arrisku zekartzan».

Gizarte Segurantzak 2019ko urrian aitortu zion langileari bere gaixotasuna amiantoaren hautsa arnastearen ondorio zuela, eta ezintasun absolutua eman zion.

«Heriotza horrek, berriz ere, bere gordintasun osoan kokatzen gaitu, amiantoarekin kontaktuan egotearen ondoriozko lanbide gaixotasunen dramaren aurrean. Gaitza gero eta handiagoa da, eta dimentsio ia pandemikoa du; hori guztia, kontrol publiko eskasaren ondorioz eta joan den XX. mendean enpresek segurtasun neurririk hartu ez izanaren ondorioz», azaldu du ELAk.â۬â۬

Haren familiak, ordea, ezingo dizkio enpresari kontuak eskatu, jada desagertuta dagoelako. «Ondorengoentzako babesgabetasun juridikoa» eragozte aldera, ELAk premiazkotzat jo du Amiantoaren Biktimentzako Konpentsazio Funtsa sortzea, langileei eta haien familiei estaldura emateko, baita gaixotasuna eta ondorengo heriotza enpresa desagertu ondoren sortzen diren kasuetan ere. Funts hori sortzeko eskatu dio hiru aldiz Eusko Legebiltzarrak Espainiako Kongresuari, hark duelako eskumena, baina gaia blokeatuta dago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.