TORTURA

Estrasburgok Espainia zigortu du torturak ez ikertzeagatik, berriro

Polizia operazio berean atxilotu zituzten Patxi Arratibelen eta Xabier Beortegiren kasuetan bezala, Estrasburgoko Auzitegiak ebatzi du Iñigo Gonzalezen kasuan ere Espainiak ez zituela behar bezala ikertu tortura salaketak. Epaiaren inguruko balorazioa egin dute hainbat eragilek, eta tortura kasuak ikertzeko eskatu diote Gonzalezek eta gainerako auzipetuek Nafarroako Gobernuari.

Aztnugal operazioan atxilotutakoek eginiko agerraldia, gaur arratsaldean. IñIGO URIZ / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko urtarrilaren 19a
10:24
Entzun

Duela hamar urte eta egun bat, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko orduko epailearen aginduz, Guardia Zibilak sei lagun atxilotu zituen Nafarroan: Patxi Arratibel, Iñigo Gonzalez, Iker Moreno, Gorka Zabala, Xabier Beortegi eta Gorka Mayo. Ekineko kide izatea egotzita, inkomunikazioa ezarri zieten, eta haietako bostek torturak salatu zituzten. Arratibelen eta Beortegiren salaketak Estrasburgoraino heldu ziren, eta bi kasuetan Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu zuen, salaketak ez ikertzeagatik.

Gaur iritsi da Gonzalezen kasuari dagokion epaia: Estrasburgok bertze behin ere ebatzi du Espainiak Europako hitzarmeneko hirugarren artikulua urratu duela, prozedurari dagokionez. Torturari eta tratu ankerrei dagokiona da artikulu hori, eta, hain zuzen, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi du Espainiak ez zituela behar bezala ikertu Gonzalezek salatutako torturak. Estrasburgoko sententziak zehazten du Espainiako Estatuak 20.000 euro eman beharko dizkiola Gonzalezi, kalte moralengatik. Hiru hilabeteko epean eman beharko dio diru hori.

Hirugarren aldia da polizia operazio bereko torturengatik Estrasburgok Espainia zigortzen duena. Operazio hura agindu zuen epailea Espainiako Barne ministroa da gaur egun, eta bere kontrako hirugarren ebazpena jaso du gaur.

Hiru largespen

Estrasburgoko sententziak azaltzen duenez, Gonzalezek 2011ko otsailaren 25ean jarri zuen lehendabizikoz tortura salaketa Iruñeko guardiako epailearen aitzinean, atxiloaldian hartutako tratu txarrengatik. 2011ko urrian, ordea, Madrilgo 4. instrukzioko epaileak auziaren largespena ebatzi zuen behin-behinean, argudiatuta ez zegoela Gonzalezek tratu txarrak jasan zituela erakusten zuen zantzurik. Gonzalezek helegitea jarri zuen, eta tortura salaketek aurrera egin zuten —tartean Gonzalez inkomunikazioan zela artatu zuten auzitegi medikuek eta ofiziozko abokatuak deklaratu zuten—. 2013ko azaroaren 21ean, ordea, epaileak berriro agindu zuen instrukzioa bertan behera uzteko, berriro ere froga falta argudiatuta. 2014ko urtarrilean, bigarren helegitea jarri zuen Gonzalezek, eta auziaren hirugarren eta azken largespena 2015eko urtarrilaren 28an egin zuen Madrilgo Probintzia Auzitegiak. Gonzalezen defentsak babes helegitea ezarri zuen orduan Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, baina auzitegiak ez zuen helegitea onartu, 2016ko irailean emandako auto batean azaldu zuenez.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak sententzian dio «jabetuta» dagoela halako kasuetan salatzaileak frogak biltzeko izan dezakeen zailtasunaz, eta horregatik onartu zuela Gonzalezen salaketa. Auzitegiak zehazten du, hain zuzen, froga horiek epaileek lortu beharko lituzketela, a posteriori. Estrasburgok oroitarazten du, era berean, pertsona batek tratu txarrak salatzen dituenean beharrezkoa dela «ikerketa ofizial eraginkor» bat, eta, tortura gertatu dela frogatzen bada, ikerketa horrek arduradunak zigortzea ekarri beharko lukeela. Estrasburgoko auzitegiak ohartarazi du, gainera, ikerketa eraginkorrik egiten ez bada tortura eta tratu ankerren debekua ez dela «eraginkorra praktikan» eta «posible» litzatekeela estatuko agente batzuek atxilotutako pertsonen eskubideei «burla» egitea, «zigorgabetasunaz» baliatuta.

Auzitegiak zehaztu du, era berean, Gonzalez inkomunikatuta egon zela lau egunez, ezin izan ziola inori haren atxiloketaren berri eman, eta ez zuela aukerarik eduki konfiantzazko abokatu batekin egoteko. Halaber, Gonzalezek tortura salaketa «zehatz eta xehe» egin zuela azaltzen du Estrasburgok, eta, ondorioz, Espainiak «sakonki» ikertu egin behar izanen lukeela, behar izanez gero erantzuleak identifikatu eta zigortzeko. Estrasburgoko auzitegiaren ustez, ordea, Espainiak ez zuen ikerketa sakonik egin: «Auzitegiaren ustez, eskatzaileak iradokitako froga gehigarriak lortzeak eta, zehazki, sekretupean atxilotua zegoenean zaintzen zuten agenteak identifikatu eta entzuteak egitateak argitzen lagun zezakeen», dio sententziak. Estrasburgok zehazten du, halaber, Espainiak hobetu egin beharko lukeela atxilotuta dauzkanen osasun arta, eta ohartarazten du «egoera bereziki zaurgarrian» daudela inkomunikatutako atxilotuak.

Estrasburgoko auzitegiak, ordea, ez ditu frogatutzat ematen Gonzalezek jasandako torturak, eta Europako hitzarmeneko 3. artikulua prozeduran baino ez dela urratu ebazten du, eta ez «materialki». Estrasburgok argudiatu du Gonzalezek «berandu» egin zuela 3. artikulua materialki urratu izanaren salaketa, eta atzera botatzen du, beraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.