Espainia zigortu dute Beortegiren tortura salaketa ez ikertzeagatik

Ekinen aurkako sarekada batean hartu zuten atxilo Beortegi, 2011n. Torturak salatu arren, epaileak kasua itxi zuen. Europak hori egin izana zigortu du orain; Espainiak 20.000 euro eman beharko dizkio

2011ko urtarrilean Guardia Zibilak egindako polizia operazioa, Iruñean; han atxilotu zuten Beortegi. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2016ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Beste zigor bat; zortzigarrena. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak berriz zigortu du Espainiako Gobernua. Kasu honetan, Xabier Beortegi iruindarrak 2011n aurkeztutako tortura salaketa «behar bezala» ez ikertzeagatik etorri da zigorra. Hala, 20.000 euro eman beharko dizkio Espainiak Beortegiri. 2011ko urtarrilean atxilotu zuten, Ekinen aurka Nafarroan egindako sarekada batean, beste bost lagunekin batera. Lau egun eman zituen iruindarrak Guardia Zibilaren eskuetan, inkomunikatuta, eta egun horietan jasandako tratu txarra salatu zuen.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epailearen aurrean deklaratu ondoren, aste berean aske utzi zuten Beortegi. Hortik gutxira publikoki azaldu zituen pairatutako torturak. Salaketa ofiziala maiatzean jarri bazuen ere, bide laburra egin zuen, handik urtebetera epaileak kasua ixtea erabaki baitzuen. Behatokiak eta Torturaren Aurkako Taldeak «ikerketa falta» salatu zuten orduan. Tortura saihesteko neurriak bete ez izana ere leporatu zioten Espainiari.

Zortzitik zazpi euskaldun

Hori dela eta, Estrasburgora jotzea erabaki zuten. Bi urteren ostean, Europak ontzat jo du Beortegiren salaketa, eta Espainia zigortu du, Europako Itunaren hirugarren puntua urratu dela iritzita: «Inork ez ditu tortura edo tratu txarrak pairatuko». 2004an kondenatu zuten lehen aldiz Madril tortura salaketak «gehiegi» ez ikertzeagatik. Katalan baten auzia zen ordukoa. Geroztik izandako zigor guztiak euskal herritarren kasuengatik izan dira; orotara, zazpi.

Sortuk ohar baten bidez adierazi du azken 50 urteotan ia 10.000 tortura kasu bildu direla. «Zigor honek agerian uzten du Espainiako Estatuak torturarekin izan duen eta daukan jarrera lotsagarria». Halaber, esan du egiari bide egin behar zaiola: «Horretarako oso komenigarria litzateke torturapean lortutako autoakusazioak eta horietan oinarritutako zigor sententziak indargabetzea».

Beortegik ere hori salatu zuen auzi medikuen eta epailearen aurrean: aske utziko zutelakoan, poliziekin itundutakoa kontatzea pentsatu zuen, baina azkenean «egia kontatzea» erabaki zuen. Harekin batera atxilotu zituzten Iñigo Gonzalez, Iker Moreno, Patxi Arratibel, Gorka Mayo eta Gorka Zabala. Mayok izan ezik, guztiek salatu zituzten torturak.

Arratibelen helegitea ere Europara iritsi zen, eta iazko maiatzean jo zuen ontzat salaketa Estrasburgoko auzitegiak. Polizia deklarazio batean Aztnugal —laguntza, alderantziz— sinatu zuen, tratu txarrez ohartarazteko asmoz. Grande-Marlaska epaileak, baina, sinadura «ia begiratu ere ez izana» gaitzetsi zuen orduan atxilotuak.

Europaren azken epaiaren inguruko hausnarketa plazaratzeko agerraldia egingo dute bihar arratsaldean Atarrabian 2011n Ekinen aurkako sarekadan atxilotutako sei lagunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.