Migrazioak

Guatemalako Poliziak migratzaile karabana kanporatu du errepidetik

Joan den astean Hondurastik AEBetarantz abiatu ziren milaka lagun Vado Hondo herriaren parean pilatuta zeuden asteburutik, Guatemalako poliziek eta militarrek bidea itxi zietelako indarrez han.

Guatemalako Polizia, atzo, migratzaile karabana Vado Hondoko errepidetik kanporatzen. ESTEBAN BIBA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 19a
11:36
Entzun

Guatemala ekialdean migratzaile karabanak okupatua zuen errepidea kontrolpean hartu dute herrialdeko Poliziak eta armadak. Estatuko indarrek Hondurastik AEBetara bidean zihoazen sei mila lagun inguru geldiarazi zituzten joan den larunbatean, Vado Hondo herriaren parean, inguruko geografia malkarrak botila lepo bat sortzen duen tokian. Poliziak eta militarrak berriz oldartu zitzaizkien atzo migratzaileei, eta hainbat kilometro atzera egitera behartu zituzten. Askok mendian gora egin zuten ihes, Mexikoko mugara iristeko beste bide bat aurkitu nahian. Hondurasek Poliziaren eta armadaren balizko abusuak ikertzeko eskatu zion igandean Guatemalari, estatuko indarrek karabanari negar gasa jaurti eta makila kolpeka eraso egin zietela eta.

Migratzaileei Hondurasera itzultzeko eskatu die Guatemalako Gobernuak, baina Honduras utzi dutenek ez dute atzera egiteko asmorik. Pobreziatik eta indarkeriatik ihesean ari dira. Gainera, COVID-19aren pandemiak eta azaroan hondamendia eragin zuten Eta eta Iota urakanek okertu egin dute egoera.

Guatemalako Migrazio Institutuak azaldu duenez, migratzaileak «inguruko herrietan» gorde dira. Karabana errepidetik indarrez kanporatzeko erabakia babestu du institutuak. «Migrazio eta osasun kontrolak egitera deitu dituzte, baina ez dute nahi».

Bitartean, Guatemalak migratzaileak Hondurasera deportatzen jarraitzen du. Migrazio Institutuak jakinarazi duenez, 1.800 inguru dira beren herrialdera itzultzera derrigortu dituztenak. Karanbanan, 9.000 lagun inguruk pasatu zuten Hondurastik Guatemalarako muga joan den asteburuan, Guatemalako Poliziaren arabera.

Bidenen esperoan

Erdialdeko Amerikatik AEBetara bidean irten den azken karabana Joe Bidenek Etxe Zuriko gidaritza hartu baino egun batzuk lehenago irten da. AEBetako presidente hautatuak bihar hasiko du agintaldia, eta asko dira haren urratsen zain daudenak. Besteak beste, AEBak helburu dituzten migratzaileak; Bidenek migrazioaren arloan Trumpenak baino politika malguak ezarriko dituela iragarri baitu.

Bide horretan, erreforma egiteko eskatu dio Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak AEBetako estatuburu berriari. «Kanpainan, Joe Bidenek migrazio erreforma amaitzea eskaini zuen, eta espero dut hori lortzeko gai izango dela. Hori da espero dudana», adierazi du. Mexikoko Gobernuak berretsi du karabanako migratzaileak bere lurraldera ez sartzeko neurriak hartuko dituela. Guardia Nazionala bidalia du Guatemalarekin duen mugara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.