'Noos auzia'

Iñaki Urdangarini hirugarren gradua aitortu diote

Madrilgo Alcala de Henaresko gizarteratze zentroan ari da zigorra betetzen, iazko abendutik. Lanerako irtengo da zentrotik aste barruan, eta zentrotik kanpo pasako ditu asteburuak.

Iñaki Urdangarin Espainiako Errege Etxeko kide ohia, artxiboko irudi batean. RODRIGO JIMENEZ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 20a
12:03
Entzun

Iñaki Urdangarin Espainiako Errege Etxeko kide ohiari eta Palmako duke izandakoari hirugarren gradua onartu dio Gaztela eta Leongo espetxe zaintzako lehen epaitegiak. Horrenbestez, aste barruan lan egitera joateko utzi ahal izango du Madrilgo Alcala de Henaresko gizarteratze zentroa, eta lotarako itzuli beharko du. Asteburuak, berriz, zentrotik kanpo igaro ahalko ditu osorik.

Urdangarin bost urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra betetzen ari da, Noos auziarengatik. Zerga delituak, prebarikazioa, iruzurra, diru publikoaren erabilera bidegabea eta influentzia trafikoa delituen errudun zela ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, 2018ko ekainean.

Epaileek frogatutzat jo zuten Balearretako gobernuak hainbat kontratu publiko esleitu zizkiola Urdangarinen Noos institutuari, hura Errege Etxeko kidea zelako. Kontratu horiek 2,3 milioi euroko balioa dute. Gorenak adierazi zuen Urdangarinek bere «posizioaz abusatu» egin zuela, «era inplizitu baina ulergarrian», kontratu publikoak eskatzeko eta «tratu pribilegiatua» jasotzeko.

Hasieran, Avilako Brieva herrian dagoen emakumeen kartzelan sartu zuten preso, baina iazko abenduan, Alcala de Henaresko gizarteratze zentrora aldatu zuten. Orduan, ez zioten hirugarren gradua onartu. Aldiz, Zigor Kodeko 100.2. artikuluak bigarren gradurako jasotzen dituen onurez baliatzeko aukera aitortu zioten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.