Eskozia

SNPk dio «legezko galdeketa bat» egingo duela Londresek ezezkoa ematen badu ere

Eskoziako alderdi independentistak bigarren erreferendumerako bide orria aurkeztu du. Erresuma Batuko Gobernuari auzitara jotzeko erronka bota dio.

Russell Eskoziako Konstituzio Harremanetarako ministroa eta Sturgeon lehen ministroa, artxiboko irudi batean. ANDY RAIN / EFE
ander perez zala
2021eko urtarrilaren 25a
15:51
Entzun

SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak argi du bigarren independentzia erreferenduma egin nahi duela, eta, horri begira, «legezko galdeketa bat» egiteko prest dago, Erresuma Batuko Gobernuak ezezkoa ematen jarraitzen badu ere. Indar independentistaren asmoa da maiatzetik aurrera hasiko den legealdiaren hasieran antolatzea, betiere koronabirusaren pandemia amaitzen denerako.

Alderdiaren buruzagitzak beste erreferendum bat egiteko bide orria aurkeztu zien atzo militanteei, eta hor zehaztu ditu datozen hilabeteetan emango dituen pausoak. SNPren lehentasuna Londresekin adosturiko galdeketa bat egitea da, baina Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren ezezkoak eta alderdi barnean sektore batzuk egiten ari diren presioak B plan bat osatzeko beharra sorrarazi diote Eskozian agintean dagoen indar politikoari.

Michael Russell Eskoziako Konstituzio Harremanetarako ministroak aurkezturiko bide orriaren arabera, lehen pausoa da maiatzaren 6an egitekoak diren parlamenturako bozetan independentistek gehiengo osoa lortzea; horretarako, eta  «hautu informatua»  egiteko, Eskoziako Gobernuak balizko bigarren galdeketaren egutegia eta galdera aurkeztuko ditu hauteskundeen kanpaina hasi baino lehen, lege proiektu baten bidez.

Kasu horretan, SNP agintera itzuliko balitz, Londresi berriz eskatuko lioke 30 Sekzioa aktibatzeko; legezko tresna bat da Eskoziako Parlamentuari baimena emateko erreferendum bat antola dezan, eta horren bidez jaso zuen Edinburgok 2014ko galdeketa egiteko baimena —Erresuma Batuan jarraitzearen aldekoek irabazi zuten, botoen %55,3 bilduta—. Hala, Russellek uste du Johnsonek ez duela izango «justifikazio moral edo demokratikorik» ezezkoa emateko: «Erresuma Batuak jarrera hori hartuko balu, jarrera hori eutsiezina litzateke etxean eta atzerrian».

Gainera, alderdi independentistak bide orrian ohartarazten du parlamentuak onartu egingo duela kanpaina hasi aurretik proposatuko duten lege proiektua, betiere hauteskundeetatik gehiengo independentista ateratzen bada; SNPz gain, Eskoziako Alderdi Berdea da horren aldekoa, eta, biak batuta, Erresuma Batutik irtetearen aldekoak dira ganberako 129 diputatuetatik 66. Inkesten arabera, maiatzeko bozetan handitu egingo da kopuru hori.

Egoera horretan, Eskoziako Konstituzio Harremanetarako ministroaren arabera, Londresek hiru aukeraren aurrean ikusiko du bere burua: lehenik, onartzea Eskoziako Parlamentuak badituela eskumenak erreferendumaz legeak egiteko; bigarrenik, 30 Sekzioa aktibatzea, aurreko aukeraz zalantzarik ez egoteko; eta, hirugarrenik, galdeketaren «lege oinarriaren» aurkako ekintzak sustatzea auzitegietan.

Lege erronka horretaz, SNPk dio bere alderdia buru duen Eskoziako Gobernua «erabat kontra» agertuko litzatekeela. Martin J. Keatings ekintzaile eta hauteskundeetarako hautagai independenteak Eskoziako Saio Auzitegira eraman du parlamentuaren eskumenei buruzko auzia, eta, bi aldeen argudioak entzun ostean, epaileak iragan astean adierazi zuen nahiago duela «egun batzuetan erabaki aste batzuetan baino».

B plan baten aldekoek ongietorria eman diote bide orriari, baina oraindik zalantzak dituzte zenbaterainoko arrakasta izango duen; horregatik, dei egin dute maiatzeko bozak plebiszitu gisakoak izan daitezen.

Unionistak, kontra

Alderdi unionistek kontrako iritziarekin erantzun diete SNPren asmoei, eta deigarriena Douglas Ross Eskoziako kontserbadoreen buruzagiak egindako proposamena izan da. Haren iritziz, Londresen oniritzirik gabeko erreferendum bat «boikotatu» egin beharko litzateke, auzitegiek legezkoa litzatekela ebatziko balute ere: «SNPrena Eskozia zatitzeko taktika bat da».

Hala, Alderdi Laboristari eta liberal-demokratei eskatu die estrategia bera izan dezatela galdeketa horri begira. Hil hasieran, laboristen buruzagi Keir Starmerrek erantzun zuen ez dela beste erreferendumik izan behar, ez behintzat oraingoz. Eskoziako Parlamentuak, ordea, bi lege proiektu onartu zituen iragan urtean, galdeketa baten oinarriak finkatzen dituztenak.

Erresuma Batuan geratzearen aldekoen argudioez, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak zera adierazi zuen atzo, BBC katearen The Andrew Marr Show saioan: «[Johnson] Beldurra die demokraziari eta Eskoziako herritarren nahiari». The Sun egunkariaren arabera, Johnson Eskoziara joango da asteon, eta bidaia hori baliatuko du independentismoaren aurka egiteko.

Iragan asteburuan argitara ateratako azken inkestarekin, jada hogei jarraian dira Eskoziako herritarren gehiengoak independentziaren alde bozkatuko lukeela diotenak; kopuru hori %51 eta %56aren artean dabil. SNPrentzat, balizko erreferenduma «erronka legal ororen gainetik egon behar da horren zilegitasuna eta onarpena bermatzeko, bai Eskozian, baita atzerrian ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.