Zaldibarko hondamendia

‘Zaldibarko hondamendiaren arrakaletan barrena’ dokumental laburra, 21:00etan ikusgai

BERRIAk gaur gauean estreinatuko du ‘Zaldibarko hondamendiaren arrakaletan barrena’ dokumental laburra, 21:00etan. Hondamendiaren lehen hamar egunen kontakizuna egin du, eta hiru protagonistaren testigantzekin ondu du lana.

Nagore Arin - Jon Ordoñez
2021eko otsailaren 3a
12:08
Entzun

Larunbatean beteko da urtebete Zaldibarko zabortegia jausi eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak azpian harrapatu zituen egun hartatik. Hedabide askotan eman zuten otsailaren 6 hartan gertatu zenaren berri, eta, hain justu ere, BERRIAk egun horretara egin du jauzi Zaldibarko hondamendiaren arrakaletan barrena ekoizpenean. Hondamendiaren lehen hamar egunen kontakizuna egin du, eta, horretarako, Nahia Sololuze hildako langileetako baten alabarekin, Oskar Morales Eitzagako bizilagunarekin eta Iñaki Petxarroman BERRIAko kazetariarekin hitz egin du. Gaur gauean estreinatuko da, 21:00etan, eta lotura honetan izango da ikusgai.

Euskadi Irratiak gertatutakoaren inguruan eman zuen lehen albistearekin hasten da ekoizpena, eta BERRIAk hamar egun geroago argitaratu zuen garraiolari baten testigantzarekin amaitzen da: zabortegiaren funtzionamendua azaltzen duen audio argigarri batekin. Eta, tartean, hiru protagonisten testigantza sorta: nola bizi izan zituzten lehen momentuak, zer sentitu zuten, nolakoak izan ziren ondorengo egun gorabeheratsuak… Berria TBko lantaldeak ekoitzi du lana, eta Zaldibarren eta Azpeitian izan da grabatzen. Hala, 25 minutuko ekoizpen bat da lan horren emaitza.

Nahia Sololuze da lehen protagonista: Alberto Sololuzeren alaba da, eta bere familiak egun horietan bizi izan zuena jasotzen da ekoizpenean: "Lanean nengoen, eta lehenengo Whatsapp mezuak hasi ziren: 'Ermuan, autobidean, mendia jausi da'. Ni beharrean nengoen, eta ez nion kasurik egin. Handik ordu erdira, amaren deia jaso nuen, 17:30ak aldera, eta... piztu egin zitzaidan bonbilla: aita".

Oskar Morales Zaldibarko Eitzaga auzoko bizilagunak, berriz, lanean zela izan zuen gertatutakoaren berri. A-8 autopista itxita zegoenez, autoa lantokian utzi eta trenez eta oinez itzuli zen etxera. Zabortegia jausi zen lekutik metro batzuetara bizi da: "Ikusten ari ginen dimentsio potoloa ari zela hartzen, eta gauzak ez zeudela batere argi ez funtzionamendurako, ezta erreskate lanetarako ere".

Iñaki Petxarroman, hirugarren protagonista, BERRIAko erredakzio zuzendaritzako editoreetako bat da, ingurumen gaietan espezializatutako kazetaria. Gertutik erreparatu zion lehen egun horietan Verter Recyclingen zabortegian gertatu zenari, eta BERRIAren erredakzioan albistea nola jaso zen eta nola heldu zioten kontatu du: "Nik uste dut BERRIAn, eta irudipena dut, goiz horretan jabetu ginela benetan albistea oso potoloa zela eta gertatzen ari zena oso potoloa zela. Batetik, amiantoa agertu zelako. Bestetik, zabortegi bat behera etortzeak esan nahi duenagatik".

Dokumentala Nagore Arinen, Lara Madinabeitiaren eta Jon Ordoñezen artean egin dute. Gidoiaz Arin eta Ordoñez arduratu dira; irudiaren, soinuaren eta edizioaren lanaz, Arin eta Madinabeitia; eta ekoizle lanetan Ordoñez ibili da. Zaldibarko hondamendiaren arrakaletan barrena dokumental laburra BERRIA urteurrenaren harira argitaratzen ari den eskaintza informatiboaren parte bat da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.