EUSKAL PRESOAK

Grande-Marlaskak dio legea betetzen ari dela presoak gerturatuta

Denis Itxasok adierazi du euskal presoei egiten zaizkien ongietorriak «oinarrizko elkarbizitza arauetatik kanpo» daudela.

Fernando Grande-Marlaska, Espainiako Kongresuan. CHEMA MOYA / EFE
jon olano
2021eko otsailaren 3a
17:04
Entzun

Euskal presoak Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara hurbilduta, Espainiako Gobernua  «legea betetzen» baino ez da ari; «legea betetzera mugatzen ari gara». Hala adierazi du Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak, Kongresuan eginiko kontrol saioan. UPNko diputatu Carlos Garcia Adanerok galdetu dio gobernuaren espetxe politikaz, eta beste galdera bat eginez erantzun dio ministroak: «Zein da ondorioa: legea ez ezartzea?».

Grande-Marlaskak Garcia Adanerori erantzun dio gobernuak eta UPNk «espetxe politika ulertzeko bi modu erabat desberdin» dituztela, eta Garcia Adaneroren hitzetatik zera uler daitekeela: espetxe legeria «gomendio hutsak» direla: «Praktika onen gida bat, nahi dugun bezala, nahi dugunean eta politikoki interesatzen zaigunaren arabera erabiltzeko».

Hori horrela, gogora ekarri dio 1998an Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohiak esandakoa, ETA su etenean zegoenean: «Eskuzabaltasun horretan, Nafarroa egongo da. Eta su etena indartu eta indarkeriaren behin betiko amaieraz hitz egin daitekeen heinean, hitz egin ahal izango da beste kontu batzuez; esaterako, espetxe politikaz eta gizarteratzeaz».

Ongietorriak jomugan

Grande-Marlaskak berak atzo jakinarazi zuen bere ministerioa lanean ari dela Terrorismoaren Biktimen Babes Integralerako Legearen erreforma batean, ongietorriak antolatzen dituztenak bide administratibotik zigortzeko. Gaur, bide berean mintzatu da Denis Itxaso, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan daukan ordezkaria; esan du ongietorriak «garaiz eta elkarbizitzaren oinarrizko arauez kanpo» daudela eta «biktimak birbiktimizatzen» dituztela.

Radio Euskadin elkarrizketatu dute Itxaso, eta esan du «paradoxa» iruditzen zaiola biktimei eragindako oinazea aitortu duten presoei «omenaldi handiak» egitea kartzelatik irtetean: «Hori ez da bidea. Eragindako oinazea aitortzeak, espetxeko lanaz gain, eskatzen du kartzelatik irtetean beste modu batera ateratzea».

Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak esan du itxaron egingo duela ikusi arte ongietorriak zigortzeko araudia nola planteatzen den eta «Euskadin arrazoizko terminoetan aplikagarria den edo ez». Onda Vascan eginiko elkarrizketa batean, Erkorekak azaldu du oraindik ez dakiela zein den lege erreformaren edukia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.