Kataluniako bozak

Hauteskunde mahairako aukeratutako lau lagunetik batek salbuetsia izatea eskatu du

Hauteskunde egunean bertan mahaiak osatzen ez diren udalerrietan, atzeratu egingo lukete bozketa. Gaur amaituko da posta bidez bozkatzeko eskaera aurkezteko epea.

Junts per Catalunya alderdiaren ekitaldi bat, Bartzelonan. TONI ALBIR, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko otsailaren 5a
11:53
Entzun

Orotara 20.579 helegite aurkeztu dituzte otsailaren 14ko bozetan mahaietako kide izateko hautatutako herritarrek, ardura horretaz salbuetsi ditzaten. Aukeratutakoen laurdenek egin diote uko erabakiari. Udalerri bakoitzaren ardura litzateke hutsune horiek osatzea ordezkoekin edota bozkatzera lehenengo joaten diren herritarrekin. Zenbait udaletan, ordea, kezka da nagusi, Generalitateak eskatu baitu 09:00etatik 12:00etarako tartean adinekoei eta ahulenei emateko bozkatzeko lehentasuna, eta horiek ezingo lirateke mahaian geratu. Hala, ohartarazi dute gerta litekeela hainbat tokitan mahaiak osatu ezin izatea, eta kasu horietan bozketa hurrengo asteartera atzeratuko litzateke.

Bestalde, gaur amaitzen da posta bidez bozkatzeko eskaria aurkezteko epea. Aurreko aldiekin alderatuta, %307 handitu da modu honetan bozkatzea erabaki dutenen kopurua. Hauteskunde Batzorde Zentralaren esanetan, ordea, ez da atzerapenik aurreikusten horiek banatzeko orduan. Batzordeak aurreratu du, halaber, COVID-19an positibo eman dutenek aurrez aurre bozkatu ahal izango dutela. Koronabirusagatik berrogeialdian daudenak arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara joan ahal izango dira botoa ematera. «Administrazioek eta osasun arduradunek segurtasun neurri nahikoak hartu dituzte aurrez aurreko botoa segurua izan dadin», nabarmendu du Batzordeak.

Bitartean, kanpaina betean dira hautagai guztiak. CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak Kataluniako atzo argitaratutako inkestaren arabera, PSCk irabaziko ditu bozak, botoen %23,7 lortuta. Aldiz, DYM etxearen galdeketa berri batek Junts Per Catalunyari eman dio garaipena, botoen %22,2 eta 35-38 eserleku lortuko dituela esanda. Haren arabera, bigarren tokian geratuko dira sozialistak, 29 eta 32 eserleku bitartean eskuratuta, eta botoen %22,7.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.