Alderdiak

EH Bildu: «Euskal egitasmo nazionala» gaurkotzea helburu

EH Bilduk II. kongresurako prestatutako ponentzia politikoa aurkeztu die kideei.

Batzar telematiko batean aurkeztu dute ponentzia. EH BILDU
jon olano
2021eko otsailaren 13a
13:13
Entzun

Hauteskunde koalizio gisa jaio zenetik hamarkada bat igarota, bigarren kongresua egiteko prozesuan dago Euskal Herria Bildu, eta, testuinguru horretan, haren estrategia politikoa birdefinitzeko prozesuan. Indar subiranistak gaur aurkeztu dio militantziari kongresuan eztabaidatuko duten ponentzia politikoa, eta, dokumentu horretan, hamar oinarritan laburbildu dute estrategia politikoa; besteak beste, «euskal egitasmo nazionalaren oinarri sinboliko eta programatikoak eguneratzea» da helburua.

EH Bilduren iritziz, «zibilizazio krisi» baten aurrean, subiranismoak frogatu beharra dauka «euskal eskala garaiko erronka kolosalei erantzun baikor bat emateko funtzionala» dela. Horretarako, beharrezko jo du «herri egitasmo sendo bat» jostea, «narratiba berritu bat, zehaztasun programatiko nahikoarekin». Langiltza horri EH 2030. Merezi Duzun Herria deitu diote, eta asmoa da «datozen hilabete eta urteetan nazio elkarrizketa zabal baten bidez» taxutzea. 

Oinarri estrategikoen artean, «gizarte esparru guztietan barneratzea» ere kokatu du EH Bilduk: «Subiranismoak herri erakunde eta boteregune guztietan barneratu behar du, herria eta nazioa ahal beste esparru desberdinetatik egin ahal izateko». Funtsean, nahia da EH Bilduren proiektuak «influentzia gaitasuna» irabaztea «gizarte zibileko esparru askotarikoetan», «herri burujabetzaren aldeko botere metaketa» garatzeko.

Prozesu «autozentratua»

Txosten politikoan proposatutakoaren arabera, EH Bilduk uste du Euskal Herria «autonomismotik burujabetzarako igarobidean» dagoela, eta diagnostiko bat egin du: «Ez da momentum-ik egongo epe laburrean. Estatuak ez du bere subiranotasunaren haustura ekar lezakeen ezer adostuko gehiengo demokratiko zabalek gainezkatzen ez duten bitartean; eta, momentuz, konfrontazio demokratiko horretarako baldintzarik ere ez dago». Testuinguru horretan, EH Bilduk beharrezko jo du «herri prozesu autozentratu sendo baten konfigurazioa, indar harreman berriak eraikitze bidean».

Indar harreman horietan eragiteko, Espainiako Estatuarekiko eztabaida dialektikoaz gogoetatu dute; aldebakartasunez edo aldebikotasunez jokatu beharraz. EH Bilduren iritziz, «ez dago dikotomiarik» bi aukeren artean: «Gure estrategia ezin da aldebikotasunean oinarritu, horrek giltza estatuen eskuetan uztea esan nahiko lukeelako; baina ezta aldebakartasun hutsean ere». Izan ere, euskal gizartean hegemonia lortzeko, «hala Estatua deslegitimatzeko nola nazioartearen konplizitatea irabazteko, behar-beharrezkoa da subiranismoak gatazka politikoa elkarrizketa eta negoziazio bidez konpontzeko borondatea agertzea, eta hartarako proposamen konkretuak luzatzea behin eta berriro». 

Horrez gain, «gutxieneko polarizazioa ezinbesteko» jo dute «hegemonia subiranistaren lehiarako». «Uneak, gaiak eta moldeak ondo aukeratuta», EH Bilduk dio «gizarte mobilizaziorako mekanismoak» sustatu behar dituela, «subiranismoaren aldeko pedagogia soziala» egiteko.

Horrez gain, udalgintzari buruzko gogoetak ere jaso dituzte dokumentuan, iritzita esparru hori dela «ezkerreko subiranismoak eremu urbanoetan eman beharreko jauziaren gako nagusietako bat». Zehazki, hiriguneak «proiektu subiranistaren motor bilakatu» nahi ditu EH Bilduk, eta, horretarako, hirugune horietan «euskal egitasmoaren narratibarekin sintonian baina tokian tokiko berezitasunekin koloreztatutako narratiba komunitario eraldatzaileak sortzeko gai diren egitasmo munizipalista sendoak gorpuztea» da oinarri estrategikoetako bat. 

AliantzaketaMakiavelo

Bestalde, datozen urteetan garatu beharreko aliantza politikari buruzko hausnarketak ere bildu dituzte txostenean; horien arabera, aliantza politikak «geometria aldakorrekoa» izan behar du: «Naturalitatearekin bizi behar dugu une berean aliantza desberdinak garatzea (kontrajarriak izanik ere». Horretarako, aliantzak «deszentralizatzea» proposatu dute; «helburuen arabera ulertu», ez «irizpide moralen» arabera: «Ikuspegi makiavelikoa landu behar dugu, bere zentzurik onenean: aliantza politika egokia helburuetara hurbiltzen gaituena da, ez konfort gunean edo purutasunean bermatzen gaituena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.