ESTATU INDARKERIA

Gomez Nieto, Lasa eta Zabalaz: «Bi tiro buruan, kaputxarik gabe»

Mikel Zabalzaren torturen eta hilketaren kontura Alberto Perotek eta Pedro Gomez Nietok izandako elkarrizketaren bertsio zabalago bat zabaldu du Ahotsa.info-k.

jon olano
2021eko otsailaren 23a
01:08
Entzun

Mikel Zabalzaren torturen eta hilketaren auzian, Alberto Perote CESIDeko koronelaren eta Pedro Gomez-Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketaren grabazioa argitaratu zuen atzo Público egunkariak. Dokumentua Non dago Mikel? Dokumentala egiteko ikerketa lanean zehar eskuratu zuten egileek —Amaia Merino zinemagileak eta Miguel Angel Llamas Pitu Ahotsa.info-ko kazetariak—, eta atzo bertan soka politikoa eragin zuen grabazioaren hedapenak; Geroa Baik eta EH Bilduk Espainiako Gobernuko Barne eta Defentsa ministroen agerraldia eskatu dute, eta ezkerreko subiranistek gaiaz galdetuko diote bihar Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari.

Atzo argitaratutakoa, ordea, elkarrizketa luzeago baten parte da. Horretan, Perotek eta Gomez Nietok hizpide dituzte Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren hilketak ere. Horrela dio elkarrizketak:

Perote: Uste duzu Intxaurrondon hil zitzaiela?

Gomez Nieto: Bai, nire irudipena da galdeketan bihotzekoak emango ziola poltsa buruan jartzearen ondorioz. Hori da nire irudipena. Huts asko egin zituzten: ondoko gelan senideak zeudela galdekatu zuten. Interesatzen zaizu? Gai horretarako hots egin didazu? Hain interesgarria eta hain inportantea al da «Etxearentzat»?

Perote: Izan ere, Zabala eta beste hura hil zituztenean… Zein zen?

Gomez Nieto: Lasa? Hori bi tiro izan ziren buruan.

Perote: Bi tiro?

Gomez Nieto: Bi tiro buruan, kaputxarik gabe.

Perote: Bi tiro eta… Ez kaputxarik ez ezer?

Gomez Nieto: Ez, ez, bi tiro izan ziren.

Perote: Alegia, hil egin zituztela; ez zitzaizkien hil.

Gomez Nieto: Lehenbizi, zuloak eginarazi zizkieten, zuloak eginarazi genizkien.

Perote: Joder!

Pluralaren lehen pertsonan mintzo da Gomez Nieto. Lasa – Zabala auzia zabaldu zenean, auzipetu egin zuten Gomez Nieto, baina, espetxean hiru hilabete igaro ondoren, 1996ko urrian auzipetzea kendu zioten, CESIDen paper sekretu batzuetan oinarrituta zegoelako.

Lasa eta Zabala 1983ko urriaren 15ean desagerrarazi zituzten Baionan. Horien arrastoak Busoten (Alacant, Herrialde Katalanak) 1985ean agertu ziren, baina hamar urte geroago identifikatu zituzten. Zabalza (Orbaizeta, Nafarroa, 1952 - Endarlatsa, Nafarroa, 1985), berriz, 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta haren gorpua hiru aste geroago agertu zen, Bidasoa ibaian, Endarlatsa inguruan. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez. Non dago Mikel? filmak kronologikoki kontatzen du Zabalza desagertu zenetik haren gorpua agertu zen arte igaro ziren hogei egunak, eta ostiraletik aurrera egongo da zinema aretoetan ikusgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.