Labeguerieren bertsioak

Petti, Ekiza, Hiriart, Irazoki eta Salvador, Labeguerieren jaiotzaren urteurrenean

Mixel Labeguerie euskal kantagintza berriaren aitzindaria jaio zela 100 urte bete dira martxoaren 4ean. BERRIAk eskatuta, haren kantuen bertsioak plazaratu dituzte bost musikarik: Olatz Salvadorrek, Joseba Irazokik, Amaia Hiriartek, Jurgi Ekizak eta Pettik.

2021eko otsailaren 26a
17:54
Entzun

Noise Hole eta Zup taldeekin urte zenbait egin eta gero ekin zion bakarkako bideari Pettik (Bera, 1974), 1997an, eta handik bi urtera grabatu zuen lehen diskoa, Amets bat (1999, Gaztelupeko Hotsak). Geroztik, hamaika proiektutan parte hartu du, eta beste hamaika musikarirekin lan egin du, besteak beste Anarirekin, Rafa Ruedarekin, Txuma Murugarrenekin, Barrence Whitfieldekin, Xabi Garrerekin... Estudioko zortzi disko ondu ditu bakarka, beste hainbat kolaborazio, EP eta elkarlanean grabatutako LPez gainera. Iazkoa du orain arteko azkeneko lana, Manipulazio estrategiak (2020, *ZART), Harkaitz Canok prestatutako hitzekin egina. Azkeneko lan horretan doinu eta instrumentazio errepertorio zabalago batera eraman du bere ahots sakon eta urratua, baina Labeguerieren bertsio honetan blues erritmo batean errenditu du Xorieri mintzo zen. Labegueriek berak idatzitako hitzak eta musika ditu kantuak, berak inoiz disko batean grabatu ez bazuen ere bertsio anitz izan dituena.

Mixel Labeguerie euskaltzalea, musikaria eta politikaria izan zen (Uztaritze, Lapurdi, 1921 — Tolosa, Okzitania, 1980), medikua ikasketaz eta ogibidez. Euskaldun Gazteen Batasuna taldeko kide izan zen 1943tik aitzina, eta euskal kantuak biltzen hasi zen. Antzerkian ere jardun zuen, eta Piarres Larzabalen ezagutza egin zuen —haren hitz batzuk kantu bihurtuko zituen gero—. Euskaltzain urgazle ere izan zen.

1960ko hamarkadaren hasieran —ez da segurua noiz grabatu zituen, 1961 eta 1963 artean—, bi disko ttipi grabatu zituen, launa kantarekin, gitarra soil bat lagun. Asmatutako hitzak zituzten horietako batzuek, baina herri kantak ere baziren tartean. Ez Dok Amairu eta atzetik etorriko ziren musikari eta kantari askorentzat erreferentzia bihurtu zen, euskal kantagintza berriaren aitzindaria, beste inork urratu gabeko bidea ireki zuena. Kanboko alkate izan zen, eta diputatu eta senatari ere bai Parisen. 1963an, Enbata mugimendua sortzen lagundu zuen, baina aurki bazter batera egin zuen, eta Centre Democrate alderdiarekin bat egin zuen.

Martxoaren 4an bete dira ehun urte jaio zela, eta Labeguerieren inguruko erreportaje zabala argitaratu du BERRIAk kantariaren inguruan. Labeguerieri buruzko analisia ere idatzi du Jean-Louis Davantek; Enbata mugimendu abertzalearen sortzaileetako batzuk izan ziren.

Jurgi Ekizaren 'Aurtxo-aurtxoa'

Willis Drummond taldeko abeslaria eta gitarrista da Jurgi Ekiza (Baiona, 1980), baina bakarka eta beste talde batzuekin ere aritua da. Xan Bidegain (baxua), Rafa Rodrigo (gitarra) eta Felix Buff (bateria) kideekin batera sortu zuen Willis Drummond, eta 2008an plazaratu zuten lehen diskoa, taldearen izen berekoa, Bidehutsekin. Istanteak (2011, Bidehuts) eta A ala B (2012, Bidehuts) lanak eman ondotik, Rodrigok taldea utzi zuen, eta Joseba B. Lenoir batu zitzaien gitarrarekin; harekin laukotea osatuta eman zuten argitara Tabula Rasa lana, 2016an. Hark taldea utzi ostean, Ekizak, Bidegainek eta Buffek Zugzwang (2019, Tabula Rasa) plazaratu zuten, hirukotearen orain arteko lanik berriena dena. Joan den urtearen hondarretan,

Era Batera taldeko kide ere bada Ekiza. Gatibu taldeko bateria jotzaile Gaizka Salazarrek sortu zuen proiektua, inguruan musikari ezagunak bilduta —Ekizaz gain, Beñat Serna (Ken Zazpi) eta Mikel Caballero (Gatibu) ere batu ziren taldera—, eta Antipodetan diskoa eman zuten 2018an. Halaber, Ekiza bakarka ere igo izan da oholtza gainera, eta bakarkako disko bat ere ondu du orain artean: bH036-LP (2015, Bidehuts).

Bildumarako, Labegeriek 1961eko bere lehen diskoan eman zuen Aurtxo-aurtxoa kantua moldatu du Ekizak.

[Youtube]https://www.youtube.com/watch?v=tspdIVH5ljA[/Youtube]

 

Amaia Hiriarten 'Elur egin du'

Amaia Hiriartek (Tours, Frantzia, 1997)  biolontxelo ikasketak egin zituen lehendabizi Hazparnen (Lapurdi), ondoren Baionako kontserbatorioan, eta azkenik, 2017an, biolontxelo klasikoko diploma eskuratu zuen Fresnesen. Modu paraleloan, gaur egungo musiken diploma lortu zuen 2018an San Bisentseko kontserbatorioan. Gaur egun, LagunArte konpainiak muntatutako Habia hari hirukotean parte hartzen du kantari eta biolontxelo jotzaile gisa. Animalia naiz eta diskoa ateratzear da taldea.

[Youtube]https://www.youtube.com/embed/kWuOZlO8zkc[/Youtube]

 

Joseba Irazokiren 'Ezkilaren kantua'

Gitarrista polifazetikoa izateaz gain, Joseba Irazokik (Bera, Nafarroa, 1974) erakutsi du eroso moldatzen dela hala konposizioan nola inprobisazioan. Maixa eta Ixiarrekin jotzen hasi zen 1990eko hamarkadan, eta orduz geroztik hainbat musikariren alboan izan da bai estudioan, bai oholtza gainean: Mikel Erentxun, Rafa Berrio, Nacho Vegas, Petti... Atom Rhumba taldean ere aritu da hainbat urtez. 2000tik 2002ra Onddo taldea gidatu eta Errepideak ez ditut maite diskoa kaleratu zuen.

2004tik gaur egunera, berriz, hamaika disko argitaratu ditu; batzuk inprobisazioari eta esperimentazioari lotutako lan instrumentalak —Tokian tokiko (2014), Olatuetan (2006), Pertsona (2007), Gitarra onomatopeikoa (2017), Ez-Nostalgia (2019)—, eta beste batzuk, berriz, kantu moldeari atxikitakoak: Irri eta solas (2004), Gizona zakur egin zen (2005), Pobre gara (2007), Euria ari du (2010)... Bere azkeneko diskoak Joseba Irazoki eta Lagunak izenpean sinatu ditu: Joseba Irazoki eta Lagunak (2014) eta Zu al zara? (2018). Bestalde, 2017an Bas(h)oan diskoa ondu zuen Beñat eta Julen Axiarirekin elkarlanean.

Irazokik Ezkilaren kantua moldatu du, Labegueriek 1963an argitaratu zuen bigarren disko laburrean  jaso zuena.

[Youtube]https://www.youtube.com/embed/rTHV9zwj4UE[/Youtube]

 

Olatz Salvadorren 'Gatua pitxitxi'

Gaztea bezain emankorra da Olatz Salvadorren ibilbidea (Donostia, 1990). Skakeitan taldean hamarkada bat darama teklatu eta sintetizadoreetan, eta badira zazpi urte bakarka kontzertuak ematen hasi zela. Bakarkako bide horren emaitza dira Zintzilik (Airaka, 2018) eta orain hilabete aurkeztu zuen Aho uhal (Airaka, 2021). Hamabi kantu berri bildu ditu azkeneko disko horretan, Rozalen eta beste zenbait musikariren laguntzarekin. Musikari elkarteko zuzendaritza taldeko kide ere bada, iaztik.

Bildumarako, Labeguerieren 1963ko diskoan jasotako Gatua pitxitxi kantu ezagunaren bertsioa egin du Olatz Salvadorrek.

[Youtube]https://www.youtube.com/embed/j7aQTj16oOQ[/Youtube]

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.