Koronabirusa

Azken bost hilabeteetan birusarekin jende gutxien hil den astea izan da aurrekoa

65 pertsona hil dira COVID-19ak jota azken astean Hego Euskal Herrian, iragan astean baino 25 gutxiago. Beste 397 kasu positibo atzeman dituzte astearteko probetan.

Gurutzetako ospitaleko ZIU gela bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko martxoaren 3a
13:10
Entzun

Heriotzei dagokienez, nabarmena izan da beherakada Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, iragan den iganderaino 65 lagun hil ziren astebetean koronabirusak jota Hegoaldean, hau da, otsailaren 22tik 28ra bitartean. Adierazle horretan aspaldi erregistratu den daturik apalena da Hegoaldeko osasun agintariek jakinarazi berri dutena: zehazki, irailaren bukaeratik ez da inoiz zenbatu kopuru txikiagorik Hegoaldean. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, azken astean hildako 65etatik 61 Araba, Bizkai edo Gipuzkoakoak dira, eta gainerako laurak Nafarroakoak dira. Gainera, igandetik aitzina foru erkidegoan izandako heriotzei buruzko datuak eguneratu ditu Nafarroako Gobernuak: azken egunetan beste bost pertsona zendu dira gaitzak jota.

Kutsatuen datuei dagokienez, atzo beste 397 COVID-19 kasu zenbatu ziren Hegoaldeko testetan. PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, guztira 10.280 proba egin ziren asteartean, eta horien guztien %3,9k eman zuten positibo. Lurraldez lurralde, Bizkaian 174 kasu atzeman zituzten; Gipuzkoan, 93; Araban, 66, eta Nafarroan, berriz, 57.

Bestalde, ospitaleetako egoerari buruzko informazioa eguneratu dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak: emandako datuen arabera, atzo 51 lagun erietxeratu zituzten koronabirusaren sintomak larriagotuta Hegoaldean. Hala, azken hamalau egunetako datuei so, egunean 49 pertsona ospitaleratu dituzte batez beste Hegoaldean. Gainera, azken datuen arabera, oraintxe 321 pertsona daude Hegoaldeko zentroetako gela arruntetan erietxeraturik. Berriz, 147 daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, bezperan baino sei gehiago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.