Migratzaileak

Irungo Harrera Sareak babestu egin du Jaurlaritzak migratzaileen iritsierari emandako erantzuna

Bart 75 etorkinek pasatu dute gaua Irungo eta Hondarribiko aterpetxeetan

Irun eta Hendaia lotzen dituen zubia, itxita. GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko martxoaren 10a
14:02
Entzun

Irungo Harrera Sareak txalotu egin du Eusko Jaurlaritzak migratzaileen iritsierari emandako erantzuna, eta adierazi argi geratu dela etorkinei harrera egitea erakundeen "borondate politikoaren" araberakoa dela. Azken egunotan, muga zeharkatu eta Frantziako Estatura pasatzeko asmoa duten migratzaileak pilatzen ari dira Irunen (Gipuzkoa), eta, egoerari erantzuteko, Eusko Jaurlaritzak kontingentzia plana aktibatu zuen larunbatean, iheslariei aterpea emateko zerbitzuak indartuz. Sareak baloratu du egokiak izan direla jarritako baliabideak. Halaber, positibotzat jo du Jaurlaritzaren "jarrera aldaketa". Sarearen arabera, badaude migratzaileak artatzeko nahikoa bitarteko, betiere horretarako "borondatea" badago. Frantziako Poliziaren jarrera ere kritikatu du, eta salatu muga zeharkatzen saiatu direnen aurka "kontrol arrazistak" egiten ari direla.

Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak emandako azken datuen arabera, bart 75 migratzaileri eman zieten ostatu Irungo eta Hondarribiko aterpetxeetan, tartean hamabost emakume eta bi adingabe. Zehazki, Gurutze Gorriak kudeatzen duen Irungo aterpetxean 53 pertsonak igaro zuten gaua; hamar lagun jaso zituen Irungo erromesen aterpetxeak, eta Hondarribikoak, berriz, beste hamabi. Jaurlaritzak jakinarazi du gauean zenbait migratzaile saiatu direla muga zeharkatzen, baina "horietako asko" aterpetxera itzuli direla.

Migratzaileak, Kanarietatik

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du egunotan Irungo mugara iristen ari diren migratzaileak Kanariar Uharteetatik datozela eta, beraz, mugimendu horri bide ematen dion erakunde instituzional bat dagoela horren atzean: "Ez dirudi erraza denik dokumentaziorik eta baliabiderik ez duten pertsonak Iberiar penintsulara joatea".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.