Irungo Harrera Sareak txalotu egin du Eusko Jaurlaritzak migratzaileen iritsierari emandako erantzuna, eta adierazi argi geratu dela etorkinei harrera egitea erakundeen "borondate politikoaren" araberakoa dela. Azken egunotan, muga zeharkatu eta Frantziako Estatura pasatzeko asmoa duten migratzaileak pilatzen ari dira Irunen (Gipuzkoa), eta, egoerari erantzuteko, Eusko Jaurlaritzak kontingentzia plana aktibatu zuen larunbatean, iheslariei aterpea emateko zerbitzuak indartuz. Sareak baloratu du egokiak izan direla jarritako baliabideak. Halaber, positibotzat jo du Jaurlaritzaren "jarrera aldaketa". Sarearen arabera, badaude migratzaileak artatzeko nahikoa bitarteko, betiere horretarako "borondatea" badago. Frantziako Poliziaren jarrera ere kritikatu du, eta salatu muga zeharkatzen saiatu direnen aurka "kontrol arrazistak" egiten ari direla.
Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak emandako azken datuen arabera, bart 75 migratzaileri eman zieten ostatu Irungo eta Hondarribiko aterpetxeetan, tartean hamabost emakume eta bi adingabe. Zehazki, Gurutze Gorriak kudeatzen duen Irungo aterpetxean 53 pertsonak igaro zuten gaua; hamar lagun jaso zituen Irungo erromesen aterpetxeak, eta Hondarribikoak, berriz, beste hamabi. Jaurlaritzak jakinarazi du gauean zenbait migratzaile saiatu direla muga zeharkatzen, baina "horietako asko" aterpetxera itzuli direla.
Migratzaileak, Kanarietatik
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du egunotan Irungo mugara iristen ari diren migratzaileak Kanariar Uharteetatik datozela eta, beraz, mugimendu horri bide ematen dion erakunde instituzional bat dagoela horren atzean: "Ez dirudi erraza denik dokumentaziorik eta baliabiderik ez duten pertsonak Iberiar penintsulara joatea".