ERAKUNDEAK

Bengoetxeak eta Unzuetak ez dute jarraituko Bizkaiko Aldundian

Elixabete Etxanobek eta Amaia Antxustegik ordezkatuko dituzte.

Rementeria eta Bengoetxea, 2017ko urtarrilean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jon olano
2021eko martxoaren 16a
11:51
Entzun

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak aldaketa esanguratsuak egin ditu gobernuan; jakinarazi duenez, Ibone Bengoetxea Administrazio Publikoko eta Harreman Instituzionaletarako diputatuak eta Elena Unzueta bozeramaile eta Iraunkortasun eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak ez dute jarraituko aldundian. Biak 2015etik zeuden diputazioan, eta, beraz, pisu politiko nabarmeneko bi kargudun kendu ditu Rementeriak.

Bengoetxearen lekua Elixabete Etxanobek beteko du. 2019ko abendutik 2020ko urrira bitartean, Eusko Jaurlaritzako Harreman Instituzionaletarako sailburuordea izan zen. Unzuetaren ordez, berriz, Amaia Antxustegi ariko da, Lekeitioko Udaleko alkateordea. Haatik, Antxustegik ez du bozeramailetzaren ardura hartuko; Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatua ariko da zeregin horretan.

Rementeriak argudiatu du aldaketak egin dituela diputazio «freskoagoa eta indartsuagoa» edukitzeko eta «erronka eta proiektu berriak» aurrera ateratzeko. Bengoetxeari eta Unzuetari eskerrak eman dizkie eginiko lanagatik, eta azaldu du aldaketak «erabat normaltzat» hartzen direla: «Laster, Bizkaiak bultzada bat beharko du. Pandemia gainditzean, lurraldea suspertu beharko da, Bizkaia suspertu, eta horrek diputazio sendo bat, proiektu eta erronka gehiago eskatzen ditu. Eta erronka horiek gobernu fresko bat behar dute».

Bi sail «giltzarri» dira aldatuko direnak, Rementeriaren hitzetan, udalerriekiko harremana sendotzea eta «beharrezkoa den lurralde berdintasuna» indartzea helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.