EUSKAL PRESOAK

Hiru preso Euskal Herriratuko dituzte, eta beste hiru hurbilduko

Iruñeko kartzelara eramango dituzte Jon Gonzalez, Idoia Mendizabal eta Jose Mari Dorronsoro.

Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioa, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jon olano
2021eko martxoaren 26a
14:05
Entzun

Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak beste sei euskal preso lekualdatzea onetsi du; hiru Euskal Herriratu egingo dituzte, eta beste hiru, Euskal Herritik gertuago dauden kartzeletara gerturatuko.

Jon Gonzalez, Idoia Mendizabal eta Jose Mari Dorronsoro dira Euskal Herriratuko dituztenak; guztiak Iruñera eramango dituzte. Gonzalez Valentzian dago preso (600km), eta 2011n espetxeratu zuten. 25 urteko zigorra betetzen ari da, eta hiru laurdenak 2030ean beteko ditu.

Mendizabal ere Valentzian dago preso; 2010ean espetxeratu zuten, eta 25 urteko zigorra betetzen ari da. Hark ere 2030ean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.

Dorronsoro, berriz, Puerto III-n dago (1.020km); 2001ean kartzelatu zuten, eta 30 urteko zigorra betetzen ari da; 2023ko uztailean beteko ditu hiru laurdenak.

Lorenzo Aiestaran eta Oskar Zelarain, berriz, Soriara (260km) hurbilduko dituzte, Villenatik (700km) eta Albocaserretik (480km), hurrenez hurren. Aiestaran 2015eko otsailean sartu zuten kartzelan, eta 30 urteko zigorra betetzen ari da. 2037ko urtarrilean beteko ditu hiru laurdenak.

Zelarain, berriz, 2008ko uztailetik dago preso, 30 urteko zigorra betetzen, eta 2031ko urtarrilean beteko ditu hiru laurdenak.

Gainera, Unai Parot Puertoko espetxetik Leonera (370km) hurbilduko dute. 1990eko apirilean espetxeratu zuten, 41 urteko zigorra betetzeko, eta joan den otsailean bete zituen hiru laurdenak.

Iragarritako bost, gerturatuta

Gainera, Etxerat elkarteak jakinarazi du iragarrita zeuden bost gerturatze gauzatu dituztela. Ainhoa Garcia Topaseko espetxetik (460 km) Villabonako espetxera (385 km) lekualdatu dute; Aitor Agirrebarrena, Puerto III-tik Villabonara (385 km); Jon Bienzobas, Puerto III-tik Dueñasera (310 km); Jose Mari Novoa, Murtzia I-etik (810 km) Leonera; eta Josu Ordoñez, Puerto I-etik Topasera (460 km).

Novoa mugituta, ez da euskal presorik Murtzia I kartzelan. 51 presoren lekualdaketak daude iragarrita baina oraindik lekualdatu gabe, eta 2018ko irailetik mugitutakoak 122 dira.

2018ko irailetik mugitutakoak 122 dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.