Migratzaileak

Gutxienez 34 migratzaile hil dira Djibutiko kostaldean, haien ontzia hondoratuta

Nazioarteko Migrazio Erakundearen arabera, orotara 60 lagun inguru zihoazen ontzian, tartean adin txikiko ugari.

Migratzaile talde bat. JUAN HERRERO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 12a
14:14
Entzun

Azken hilabetean bigarrenez, dozenaka migratzaile hil dira Djibutiko kostaldean, haien ontzia hondoratuta. OIM Nazioarteko Migrazio Erakundearen arabera, gutxienez 34 lagun hil dira itota. Denetara 60 pertsona zihoazen itsasontzian, tartean hainbat adingabe. Erakundeak jakinarazi duenez, ontzia giza trafikatzaileek zeramatela hondoratu da.

«Giza trafikatzaileak atzemateak lehentasuna izan behar du, halako tragediak berriz gertatuko ez badira», ohartarazi du Mohammed Abdikerrek, OIMko Afrika ekialderako arduradunak. Atera dituzten hilotzen artean asko adingabeak zirela zehaztu du erakundeak, baita bizirik atera ahal izan dituztenetako batzuk larri daudela ere.

Obockeko portutik irten zen ontzia, eta handik gutxira hondoratu zen. Migratzaile askok jotzen dute Djibuti aldera, gero handik Yemenera eta jarraian Saudi Arabiara igaro ahal izateko.

Afrikako kostaldeko ezbeharra ez da eguneko bakarra izan. Kanarietan, lau migratzaileren gorpuak topatu dituzte El Hierro uhartearen hegoaldean. Horiekin 47 dira hildakoak urtea hasi zenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.