Azken hilabetean bigarrenez, dozenaka migratzaile hil dira Djibutiko kostaldean, haien ontzia hondoratuta. OIM Nazioarteko Migrazio Erakundearen arabera, gutxienez 34 lagun hil dira itota. Denetara 60 pertsona zihoazen itsasontzian, tartean hainbat adingabe. Erakundeak jakinarazi duenez, ontzia giza trafikatzaileek zeramatela hondoratu da.
«Giza trafikatzaileak atzemateak lehentasuna izan behar du, halako tragediak berriz gertatuko ez badira», ohartarazi du Mohammed Abdikerrek, OIMko Afrika ekialderako arduradunak. Atera dituzten hilotzen artean asko adingabeak zirela zehaztu du erakundeak, baita bizirik atera ahal izan dituztenetako batzuk larri daudela ere.
Obockeko portutik irten zen ontzia, eta handik gutxira hondoratu zen. Migratzaile askok jotzen dute Djibuti aldera, gero handik Yemenera eta jarraian Saudi Arabiara igaro ahal izateko.
Afrikako kostaldeko ezbeharra ez da eguneko bakarra izan. Kanarietan, lau migratzaileren gorpuak topatu dituzte El Hierro uhartearen hegoaldean. Horiekin 47 dira hildakoak urtea hasi zenetik.