Biktimak

«Bigarren mailako biktimarik» ez sortzeko eskatu du Foro Sozialak

Joan den astean, Estrasburgok ontzat jo zuen Espainiak estatuaren bi biktimari kalte ordaina ukatzea, eta, Foro Sozialaren ustez, «bizikidetza demokratikoaren» aurka doa hori: «Biktima guztiek dute egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea».

Ane Muguruza, atzean Josu Muguruzaren irudi bat duela, 2019ko azaroan egindako ekialdi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
2021eko apirilaren 13a
12:47
Entzun

Foro Sozial Iraunkorrak gaitzetsi egin du joan den astean Estrasburgok Espainiari arrazoia eman izana. Izan ere, Ane Muguruzari eta Elena Bartolomeri —Josu Muguruzaren alabari eta Xabier Perez de Arenazaren alargunari— ordaina ematea baztertu zuen Madrilek, biek ETArekin lotura zutela argudiatuta. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bat egin du irizpide horrekin, biei kalte ordainak ematea baztertuta, eta, Foro Sozialaren arabera, «bigarren mailako biktimak» sortzea eragiten du horrek, «elkarbizitza demokratikoaren» kontra. Estatuak eragindako indarkeriaren biktimek «egoera diskriminatzaile hori pairatzen jarraitzen» dute gaur egun, foroaren hitzetan.

Foro Sozialaren ustez, ordea, «biktima guztiek dute egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea, eta giza eskubideen urraketa berberek errekonozimendu politiko eta legal bera izan behar dute, alde batera utzita zein izan den urraketa horren eragile biolentoa. Ekidistantziarik gabe eta diskriminaziorik gabe». Printzipio hori «ezinbestekoa» da foroaren ustez, «bizikidetza demokratikoaren behin betiko oinarriak ezartzeko, giza eskubideen eta bakearen kulturan oinarrituta».

Foroak adierazi du ez dutela epaiaren azterketa juridikorik egingo, baina «inplikatutako eragileei» deia egin die «epai horrek sortzen duen diskriminazio egoerari buruz sakon hausnartzeko». Oroitarazi du, halaber, gehiengo sozial, politiko eta sindikalak «adostasuna» duela biktima guztien trataeraren inguruan, baina oraindik ere sortzen diren oztopoak gainditu eta harago joateko beharra azpimarratu du: «Ideia eta mekanismo berriak behar dira, adostasun handi horietan oinarrituta, indarkerien zikloko biktima guztiak aitortzeko eta erreparatzeko orduan planteatzen diren oztopoak gainditzeko, kategorizazio eta tratamendu diskriminatzaileak gaindituz». Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari egin diote bereziki deia: «Bi instituzio horiei eskatzen diegu bere egin dezatela estatuaren biktimak pairatzen ari diren babesgabetasun egoera benetan gaindituko dela bermatzeko konpromisoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.