Albistea entzun

Itsasoaz bestaldeko kontalaria

 
Joseba Sarrionandia Iurretako plazan.
Joseba Sarrionandia Iurretako plazan. Ainhoa Iraola / Anboto.org Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2021eko apirilak 22

2014ko Durangoko Azokan, Eider Rodriguez idazle errenteriarrak Joseba Sarrionandiari buruzko tesiaren dibulgazio bertsioa aurkeztu zuen: Itsasoa da bide bakarra. Sarrionandia irakurriz. Zergatik itsasoa? Hark Sarrionandiaren obran duen presentziarengatik, baina baita obra osoan «ur azpiko mezu asko» daudelako ere, Rodriguezek berak BERRIAn azaldu zuenez. Itsaso zabalak bereizi izan du hamarraldi luzez Sarrionandia sorterritik. Orain arte: Euskal Herrira itzuli da Joseba Sarrionandia.

Euskal letren izen nabarmenetakoa da Joseba Sarrionandia Uribelarrea (Iurreta, Bizkaia, 1958). Euskal Filologian lizentziaduna izanik, Pott banda literatur taldeko kide izan zen 1970eko hamarkadaren azken txanpan, Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Manu Ertzilla, Joxemari Iturralde eta Jon Juaristirekin batera. Argitaletxe bat sortzea zen abiapuntuko asmoa, baina Pott aldizkaria egin zuten azkenean: sei zenbaki guztira, 1978 eta 1980 bitartean. Hiru urtean euskal literaturari eginiko ekarpen handia nabarmendu izan da.

Sarrionandiak 1981ean argitaratu zuen lehen poesia liburua, Izuen gordelekuetan barrena, ordurako kartzelan zela. Kartzelako egonaldian, gainera, Intxaur azal baten barruan. Eguberri amarauna poesia lana, Narrazioak bilduma, eta Ni ez naiz hemengoa saiakera kaleratu zituen.

Paradoxa bat bizi izan du Sarrionandiak: urteak joan eta urteak etorri, ezin ihes egitea Martuteneko ihesalditik sortutako mitoari. 1980an atxilotu zuten, ETAko kidea izatea egotzita, eta, preso bost urte zeramatzala, ihes egin zuen bozgorailu batean, Iñaki Pikabearekin batera, Imanol Larzabal kantariak Martuteneko kartzelan emandako kontzertu bat baliatuz. 1985eko San Fermin eguna zen, eta Kortatuk euskal musikaren abesti ikonikoenetako batean kontatu zuen: Chatty Chatty Sarri Sarri bilakatu zen.

Sarrionandia, 1985ean, kartzelako bisita batean. Iturralde, Atxaga eta Antza joan zitzaizkion orduan bisitan. BERRIA

ETAn sartzeari eta erakunde horren bilakaerari buruzko gogoetak jasota daude Lapur banden etika ala politika liburuan (2015): «Uste dut etikagatik sartu nintzela ni borroka armatura [...]. Bortizkeriaz inguratuta bizi ginen eta, ezer ez egitea ETAn sartzea baino bortizkeria handiagoa iruditzen zitzaidan. Esan daiteke biktimismoagatik sartu nintzela, batere asmo heroikorik gabe». Lerro horietan, borroka armatuaren bilakaerari buruzko irakurketa kritikoa egin zuen, ordea, Dolores Gonzalez Katarain Yoyes-en hilketa, Miguel Angel Blancorena eta Hipercorreko atentatua aipatuta: «Guk, gure borroka armatuarekin, geure intentzioen erabat aurka, Estatua legitimatzen genuen [...]. Injustiziaren kontrako borroka batetik, ia oharkabean, ekintzen erritualtasun batera pasatu ginelako».

Ihesalditik aurrera, zalantza eta espekulazio iturri izan zen haren kokalekua. 31 urtean, erbestetik idatzi eta zabaldu ditu bere lanak, izenik gabeko ezlekuetatik, eta kartzelatik alde egin baino hilabete lehenagoko zuri-beltzeko argazki bat izan zen haren irudi identifikagarri bakanetakoa.

Ordutik, erbestetik bidali eta zabaldu izan ditu bere literatur lanak, genero nagusi guztietan landuak. Poesian, besteak beste, ezagunak dira Gartzelako poemak (1992) eta Hau da ene ondasun guztia (1999) lanak. Narratiban, Lagun izoztua (2001) eta Kolosala izango da (2003), adibidez, eta saiakeran, Ez gara gure baitakoak (1989), Hitzen ondoeza (1997) eta Moroak gara behelaino artean? (2010). «Lagun izoztua-n agertzen dira Sarrionandiaren obra osoan landu diren itsas irudi guztiak. Haren ibilbide guztia dago gordea nobela horretan, neurri batean», laburbildu zuen Rodriguezek 2014ko elkarrizketan.

«Munduan gaur egun nagusi den botere harremanaz kontzientzia hartzeko ahalegina da saiakera. Botereon menpean bizi garenez gero, ezagutu beharko genituzke». Sarrionandiak berak hala deskribatu zuen Moroak gara behelaino artean? 2011ko apirilean, Hausnart aldizkariak eginiko elkarrizketan. Ez da liburu bat gehiago izan haren ibilbidean; lanaren dimentsioagatik, eta saiakeraren Euskadi Saria eman ziotelako 2011n. Polemika sortu zen Eusko Jaurlaritzak diru saria atxiki ziolako, idazlearen lege egoera argitu bitartean. Azkenean, Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi zuen Sarrionandiak auzirik ez zuela, eta Jaurlaritzak saria eman zion.

Politikaz gogoetan

Hausnart-eko elkarrizketak adierazten ditu Sarrionandiaren pentsamendu politikoaren elementu batzuk; besteak beste, euskal nazio proiektua zutabe demokratikoetan oinarritzeko beharra: «Arrazoi politiko pila bat dugu estatu-nazio espainolaz aparteko beste proiektu nazional bat antolatzeko. Euskaldun gisa baldintzapeko askatasunean ibili gara askotan. Gure erabakietatik asko oztopatuko dituen egitura politikoak zertarako nahi ditugu? Autogobernuaren printzipioekin, estatu-nazio demokratikoago bat sor dezakegu Euskal Herrian». Nazioaz ari denean, «komunikazio espazio» bati buruz ari da Sarrionandia: «Komunikazio eta demokrazia espazioak berreskuratu behar dira, euskaldunek komunikazio espazio on bat bihurtu behar dugu Euskal Herria [...]. Komunikazio espazioak, politikan, erabakimen espazioak bihurtzen dira».

Sarrionandia, Habanan irakasle, Etxepare Institutuak Kubako hiriburuan zabaldutako irakurle postuan. JOSE GOITIA

1980ko hamarkadako zuri-beltzeko irudia berritzeko unea heldu zen, ordea. Piezaka, ia-ia: 2015ean, ahotsa: Hasier Etxeberriak ETBko Sautrela saioan elkarrizketatu zuen idazlea. 2016an, berriz, bisaia: Jose Goitiak Sarrionandiari eginiko argazkia eta elkarrizketa BERRIAn eta beste hedabide batzuetan argitaratuta. Pausoka itzali dio argia idazle erbesteratuaren itzalari, narrazioetako batean kontatu zuenaren antzera, eta bide horretan azken urratsa da itzulera: «Urteak dira Habanan bizi naizela, bizimodu normala eginez. Harritzen naiz diotenean ezkutaturik bizi naizela, edo ez dudala argazkirik ateratzen uzten. Aspaldi ez naizela ezkutatuta bizi, horrek ez du esan nahi prentsan agertzea gustatzen zaidanik», azaldu zuen Sarrionandiak. Ordurako, aste batzuk baziren bere bizilekuaren berri zabaldu zenetik, idazleak Etxepare Euskal Institutuak Habanako Unibertsitatean zabaldutako irakurle postua lortu eta gero.

Saiakeraren bidetik jarraitzen du Sarrionandiak gaur-gaurkoz; Gauzak direna balira aurkeztu zuen iazko abenduan, Habanako Gaukaria trilogia ixten duen lana.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Mailo Oiarzabal

Pasio baten fruituak

Mailo Oiarzabal - Gipuzkoako Hitza

Urteetan jasotako eta gordetako bertso grabazioak transkribatzea erabaki zuen Xabier Unanuek duela ia hogei urte. 42.000 bertso baino gehiagoko bilduma osatu, eta Zestoako liburutegiari utzi dio.

Soledad Sevilla erakusketaren aurkezpenean, atzo, <em>Gatza</em> oihalaren aurrean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Trazu txikiko katedrala

Naroa Torralba Rodriguez

Soledad Sevilla artistaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan. Ibilbide baten proposamena da. Berak aukeratu ditu obrak eta kokapena
<em>Ketariatik mundura</em> pastoralaren bost partaideak. ©BERRIA

Elkanoren bidaia, pastoral «ttipi» batean

Uxue Rey Gorraiz

'Ketariatik mundura' «nanopastorala» eginen dute bihar iluntzean Iruñean. Hiru aktore eta bi musikari ariko dira, ordu eta erdiz. Mixel Etxekoparrek idatzi du obra
Denis Martinez eta Olaia Valle dantzariak, Barakaldo antzokian, <em>Esna</em> obraren entsegu batean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Pertsona bat, mila aurpegi

Olatz Enzunza Mallona

Dantza eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizun bat ondu dute elkarlanean Marie de Jongh eta Doos konpainiek: 'Esna'. Joko esperimentu gisa definitu dute. Bihar izango da estreinaldia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...