Albistea entzun

Euskara

Hizkuntza gutxituen legearen kontrako helegiteak artikulu bakarraren aurka egin du

Ikastetxeak diruz laguntzeko betebeharra ezarri dute auzitan diputatuek Frantziako Konstituzio Kontseiluan legearen kontra ezarri duten helegitean. Gainerako neurriak, murgiltzea Frantziako Hezkuntza Kodean sartzea esaterako, ez lirateke zalantzan ezarriak izan behar. Diputatu batzuek salatu dute engainatuak izan direla helegitea izenpetzeko orduan.

Frantziako Asanbleako diputatuak, apirilaren 8an, hizkuntza gutxituen legea onartu izana ospatzen
Frantziako Asanbleako diputatuak, apirilaren 8an, hizkuntza gutxituen legea onartu izana ospatzen Berria Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko maiatzak 4

Frantziako Asanblean onartua izan eta bi astera, Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari Buruzko Legearen kontrako helegitea ezarri zuten Martxan eta Modem alderdiko 61 diputatuk apirilaren 22an, Frantziako Konstituzio Kontseiluan. Gaur, helegite horren dokumentua publiko egin du Mediapart egunkari digitalak: ikastetxeak diruz laguntzeari buruzko 6. artikulua baizik ez dute jarri auzitan, eta, beraz, legearen gainerako neurriak ez lirateke zalantzan emanak izan behar, hala nola murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartzea. Azken horrek izan dezake garrantzirik handiena Ipar Euskal Herriari begira. Era berean, errekurtsoa ezartzeko manerak haserrea eragin duela zabaldu du Mediapart-ek: «engainatuak» sentitu dira errekurtsorako izenpedura eman zuten diputatu batzuk, eta horietako hamar batek Konstituzio Kontseiluari idatzi diote haiena kentzeko eskatuz. Sinadura horiek kentzeak prozedura bertan behera utziko luke de facto.

Zazpi orrialde eskas ditu 61 diputatuek aurkeztutako helegiteak, eta auzitan jartzen du hizkuntza gutxituen aldeko legearen 6. artikulua bateragarria ote den Frantziako Konstituzioarekin. Hizkuntza gutxituetan irakasten duten elkarte eta itunpeko eskola pribatuen diruztatzea indartzea aurreikusten du artikulu horrek: eskola elebakarrak dituzten herrietan, bertako haurrek inguruko herri bateko ikastetxe batera joan behar badute, ikastetxe horiek diruztatu beharko dituzte herriko etxeek.

Helegitea ezarri duten diputatuen arabera, hizkuntza gutxituen irakaskuntzak hautazkoa izan behar du, eta ezin dira herriko etxeak ikastetxeak diruz laguntzera behartu, «gurasoek beren haurrei irakaskuntza hori ematea erabaki dutelako». Konstituzio Kontseiluaren 2004ko jurisprudentzia bat aipatzen dute argumentu gisa, eta berresten dute hizkuntza gutxituen irakaskuntza ez dela Frantziako Konstituzioak babesten duen eskubide bat.

Apirilaren 22tik hilabeteko epea du Konstituzio Kontseiluak diputatuen errekurtsoari erantzuna emateko, eta, printzipioz, ez lituzke legearen gainerako artikuluak kontrolatu behar. Hala, bere horretan gelditu beharko lirateke murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartzea,  hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren eskaintza orokortzea, seinaletika publiko elebidunaren arautzea eta estatu zibileko dokumentuetan ñ-a bezalako zeinu diakritikoak idazteko aukera. Eneritz Zabaleta juristaren hitzetan, «normalean», 6. artikuluaz gainerako guzia ez dute aztertzerik. «Baina gerta daiteke. Pentsatzen badu beste artikulu batzuetan arazoak izan daitezkeela, bere baitarik erabaki dezake hori aztertzea», argitu du. «Badu 10 urte baino gehiago halakorik ez dela gertatu, eta eskandalu politiko bat litzateke».

Blanquerren eskua, susmopean

Lehengo astean, legearen kontrako errekurtsoaren nondik norakoak kontatu zituen Frantziako Lettre A agerkariak, eta Hezkuntza ministerioko kabineteari egotzi zion helegitearen egiletza. Frantziako Gobernuari galderak egiteko saioa baliatuta, Paul Molac diputatuak galdera egin dio, gaur arratsaldean, Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroari, bere kabineteak izan duen jarrerari buruz. «Parlamentario horiengan izan duzun eraginak galdera sortzen digu botereen banaketari buruz». Egoera «ubuesko» bat aipatu du. Legearen «alde» bazegoen ere, Senatutik ateratako testuaren konstituzionaltasunari buruzko «dudak» izan zituela erantzun dio Blanquerrek. «Konstituzio Kontseiluaren galbahea pasatzen badu, zure legea indartua baizik ez da aterako». Edozein herritarrek Konstituzio Kontseiluari argumentazio bat bidal diezaiokeela gaineratu du.

Baina Molac ez da haserrea erakutsi duen bakarra. Zenbait hedabideren arabera, helegitea idatzi eta aurkezteko manerak ezinegona eragin du Martxan alderdiko zenbait diputaturengan. Horietako anitzek legearen alde bozkatu zuten apirilaren 8an: aldeko boza eman zuten taldeko ehun diputatuk, kontrakoa 57k, eta hamabi abstenitu egin ziren. Helegitea talde bereko diputatuek aurkezteak ez du harrera ona izan. Halaber, helegitea izenpetu duten bat baino gehiago «engainatuak» sentitu direla kontatu du Mediapart-ek. Horietako hamar batek helegiteari beren izenpea kentzeko eskatu diote Frantziako Kontseilu Konstituzionalari. Hala eginen balu, helegitearen prozedura bertan behera geldituko litzateke, gutxienez 60 diputatu behar baitira helegite bat aurkezteko.

Apirilaren 22tik, helegitea ezarri izana salatu eta legeari babesa erakusteko egitasmo bat baino gehiago izan dira. Apirilaren 24an, mozio bat izenpetu zuten Ipar Euskal Herriko hautetsi nagusiek, «kexua eta ulertezintasuna» adierazteko. Mezu bera zabaldu zuten joan den astean bretoieraren, okzitanieraren, katalanaren eta euskararen erakunde publikoetako presidenteek.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Osasun langile bat txertoak prestatzen. ©GORKA RUBIO / FOKU

Sagardui kexu da: txertoak ez dira ari ailegatzen agindu zieten erritmoan

Juanma Gallego

Asteon Pfizerren 91.260 dosi jaso dituzte; Janssenen 6.500 jasotzeko zain daude. Joan den astean 148.846 txerto eman zituen Osakidetzak

Dozenaka herritar Unamuno Plazan (Bilbo), gaur goizean, 'gosari antifa'-n. ©Maialen Arteaga

Desokupak atzeratu egin du gaur Bilbon egitekoa zen etxegabetzea

Paulo Ostolaza

Iragarria zuten gaur etxegabetze bat egingo zutela alde zaharrean, baina azaldu dute etxearen jabeak ez joateko eskatu diela, «Ertzaintzaren presentzia oso handia zelako» eta istilurik ez eragiteko.

Eibarko udaltzain bat, eskuetan 'eskatzen duen guztiari, eman' dioen katiluarekin. ©BERRIA

Eibarko alkateak gaitzetsi egin du sareetan zabaldu den udaltzainaren argazkia

Paulo Ostolaza

Argazkian «eskatzen duen guztiari, eman» dioen katilu batekin ageri da Eibarko udaltzain bat. Irudiak gaitzespena eragin du sareetan.

Janssenen txertoa, laborategi batean. ©ETIENNE LAURENT, EF

Madrilek onartu egin du Janssenen txertoa 50 eta 59 urte artekoei jartzea

Uxue Rey Gorraiz

Oso kalteberak diren zenbait herritar talde ere txertatuko dituzte Johnson & Johnson konpainiaren dosiekin, hala nola autismoa dutenak eta gaitz psikologiko larriak dituztenak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna