ALDERDIAK

EH Bilduk «burujabetza eta eraldaketa» jarri ditu helburu hamargarren urteurrenean

Gaur dira hamar urte Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Bildu legeztatu zuenetik.

Bildu legeztatzearen aldeko eserialdia Bilboko Areatzan, gaur duela hamar urte. JON HERNAEZ / FOKU
jon olano
2021eko maiatzaren 5a
12:45
Entzun

2011ko maiatzaren 5ean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak gauerdira arteko epemuga zuen Bilduk aurkeztutako hauteskunde hautagaitzari buruzko epaia emateko. Jendetza elkartu zen Bilboko Areatzan, Bildu legeztatzearen aldeko manifestazioa amaitu ostean, auzitegiaren erabakiaren zain. Auzitegiak oniritzia eman zion, ozta-ozta.

Hamar urte igaro dira gau hartatik, eta efemeridea gogora ekarri du gaur EH Bilduk. Iruñean agerraldi bat egin dute Joseba Asiron Iruñeko Udaleko zinegotzi eta alkate ohiak eta Bakartxo Ruiz parlamentariak, eta nabarmendu dute hamar urteotan «gauza asko» gertatu direla, eta EH Bildu «funtsezko agentea» izan da horietan: «Nafarroan, EH Bildu indar politiko erabakigarria izan da, da eta izango da. Iruñean eta hainbat herritan demostratu dugulako bestelako gobernantza eredu bat egin daitekeela, bestelako politikak egin daitezkeela».

Zehazki, Ruizek esan du indar subiranista «erabakigarria» dela eskuinari aurre egiteko ere: «EH Bildu indartsu bat tresna eraginkorrena da eskuinari aurre egiteko, eskuinaren eragin politikoa eragozteko eta eskuinaren politikak alde batera uzteko».

Egungo osasun egoera gogora ekarri du Ruizek, eta hori arlo sozialean eta ekonomikoan eragiten ari den ondorioak. Horregatik, azaldu du EH Bilduren helburuak aurrerantzean ere izango dela, batetik, «jendarte duina» osatzea, eta, horretarako, beharrezko jo du «eraldaketa politiko eta ekonomikoa, aberastasunaren banaketa justuago bat lortzeko».

Bestetik, burujabetza jarri du jomugan, eta gaineratu du «burujabetzarako bidean tresnarik eraginkorrena» EH Bildu dela: «Ez dugu burujabetza nahikorik unean-unean beharrezkoak diren erabakiak hartzeko, herritarren ongizatea bermatzeko».

19:30ean, Bilboko Areatzan egingo dute ekitaldi bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.