Polizia eredua

Ernairen aurkako ikerketa bat abiatu du Arabako fiskalak

Erkorekak uste du «esplizitua eta argia» dela gazte antolakundeak «gorroto mezua» darabilela Ertzaintzaren aurka.

Ernaiko gazteak eta ertzainak, aurrez aurre, Bilbon, maiatzaren 7ko mobilizazioetan. OSKAR_MATXIN_EDESA / FOKU
jon olano
2021eko maiatzaren 26a
11:41
Entzun

Eusko Jaurlaritzak fiskaltzari eskatu dio aztertu dezala Ernai gazte antolakundearen zenbait jokabide Ertzaintzaren aurkako gorroto delitu izan daitezkeen, eta Arabako fiskaltzak ikerketa bat abiatu du, deliturik baden argitzeko. Poliziak fiskalaren esku utzi zuen atestatua, pintaketak, pankartak eta abarrak azter ditzan.

Horren harira, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak ezker abertzaleari eskatu dio zain dezala «bere talde eta elkarteek demokrazian behar den bezala jarduten dutela». «Arduraz» jokatzeko ere eskatu dio. Onda Vasca irratian elkarrizketatu dute Zupiria: «Gizartearen parte handienak ez dugu dudarik nor dagoen egunez egun mailaz igotzen ari diren pintaketa eta akusazio horien atzean. Urte askoan ikusi gabeak ginen esaldiak ikusten ari gara, ETAri ere erreferentzia egiten diotenak», esan du. Zupiriaren esanetan, ez daki EH Bilduk «zer egingo duen», baina adierazi du «haiekin zerikusia» duela eta, beraz, gaiaz hitz egin beharko luketela.

Auzibideaz, Zupiriak esan du orain epaileek erabaki beharko dutela gorroto deliturik antzematen ote duten, baina gaineratu du, edozein modutan, «izaten ari diren portaerak eta egiten ari diren adierazpenak» ez direla «onargarriak».

Zupiriak ez ezik, gaiaz hitz egin du Josu Erkoreka Jaurlaritzako lehendakarigai eta Segurtasun sailburuak ere. Hark ziurtzat jo du Ernairen erantzukizuna, «esplizitua eta argia» iruditzen zaiolako Ernaik «gorroto mezua» darabilela Ertzaintzaren aurka: «Mezuak esplizituak eta argiak dira, eta gorrotoaren inguruan antolatuta daude. Hori delitua den edo ez, ez dagokigu guri erabakitzea, eta fiskalak eta epaileek esango dute nola kalifikatzen duten».

Bizkaia irratian eginiko elkarrizketa batean mintzatu da Erkoreka, eta esan du fiskaltzara jotzearen asmoa dela «argibideak» izatea: «Argibideak daudenean, mundu guztiak daki nola jokatu, eta gorroto mezuekin dabilenak ere jakin dezake zeintzuk diren igaro ezin diren mugak».

Ertzaintzaren jokabideaz ere galdetu diote Erkorekari. Esan du Poliziaren jarduna «jendearekiko errespetuan» oinarritzen dela, eta indarkeria erabiltzen dutenetan, «proportzionaltasun printzipioan». Printzipio horiek errespetatzen ez diren «kasu bakanetan», Erkorekak gogorarazi du «ardurak kitatzeko mekanismoak eta barne diziplinako espedienteak» daudela jokabide horiek arauaren aurkakoak diren eta, hala badagokio, neurriak hartu behar diren erabakitzeko.

«Astakeria bat»

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak, berriz, uste du «astakeria bat» dela pintaketak gorroto delitutzat jo eta fiskaltzara eramatea: «Astakeria juridiko eta politiko bat da, ondorio larriak izan ditzakeena gazte batzuentzat». Iriarteren hitzetan, salatzeko erabakiak «muga guztiak gainditzen» ditu, eta erantsi du Jaurlaritza «etengabe gezurretan eta gazteriari eta mugimendu subiranista osoari eraso eginez» ari dela «bere gabeziak estaltzen» saiatzeko.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak ere Jaurlaritzak auzitara jo izana kritikatu du; haren ustez, erabakiak ez du «inolako zentzurik», argudiatuta gorroto delitua sortu zela kolektibo «jazarriei eta baztertuei» babesa emateko eta ez botere publikoak babesteko.

Ernaik bihar eguerdian egingo du agerraldi bat gaiari buruzko iritzia emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.