Memoria

Nafarroako Gobernuak lehen pausoak eman ditu motibazio politikoko biktimen aitortzarako

Auzitegi Konstituzionalaren aldeko ebazpenaren ostean, legea garatzeko dekretua lantzen hasi da, eta aitortzaren lana egingo duen batzordeko pertsonak izendatzeari ekin dio.

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria EH Bilduko Bakartxo Ruizen azalpenak entzuten. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2021eko ekainaren 9a
13:40
Entzun

Sei urteko itzulinguruen ostean, azkenean, Nafarroako Gobernuak bidea libre du eskuin muturreko taldeen eta polizien biktimen aitortzarako. Izan ere, maiatzaren 18an, Auzitegi Konstituzionalak onetsi egin zuen 2019ko martxoan onartutako legea, eta gaur, Nafarroako Parlamentuan, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Martin Zabalza Bake eta Bizikidetza zuzendariak azaldu dute lehen asteotan jada eman dituztela lehen pausoak. Alde batetik, asteon, foru agindu bidez, legea garatzeko dekretua lantzeari ekin dio gobernuak, eta hilabeteak emango ditu edukia aurrera ateratzeko. Bestetik, aitortza lana egingo duen batzordea osatuko duten pertsonak izendatzeari ekin dio.

Legeak jasotzen duenez, biktimen aitortza administrazio prozedura bidez egingo da, eta horretarako aitortzaren eta erreparazioaren batzorde bat osatuko da. Organo hori Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetza zuzendaritzaren antolamendu barruan egongo da. Bederatzi kidek osatuko dute, eta Martin Zabalza bera izango da zuzendari. Olloren arabera, gainerako kideak hautatzeko bideari ekin diote. Ordezkarietako bat Memoriaren Institutuko zuzendaria izango da, eta beste kideen artean auzi medikuak egongo dira. Halaber, Nafarroako Parlamentuak lau kide izendatu beharko ditu. Legebiltzarrari jada egin zaio eskaera: «Zuena da orain izendapen horiek hitzartzea», adierazi die Ollok parlamentariei.

Gogoan hartu behar da, aurretik, 2015ean, parlamentuak beste lege bat onartu zuela eta, PPk haren aurka jarritako errekurtsoa onetsi ostean, Konstituzionalak atzera bota zuela lege haren muina. Horregatik, Parlamentuak 2019an beste lege bat onartu zuen, eta hari baiezkoa eman zion maiatzaren 18an Auzitegi Konstituzionalak. Olloren arabera, ezin dira ahaztu sei urteotan eskuineko alderdiek jarritako «traba eta oztopoak», baina horiek gaindituta, azkenik, legeak «bidean aurrera egitea» ahalbidetuko du.

Ollok zein Zabalzak azpimarratu dute ez direla hutsetik hasiko eta iragan legealditik biktima horiekin lan bat egin dela, baina, era berean, onartu dute legea erreminta egokia dela «hain gai konplexu batean garrantzitsua baita ahalik eta segurtasun juridiko handiena ematea erabaki administratiboei». Zabalzaren arabera, aitortza hori beharrezkoa da, eta barkamena eskatu die giza eskubideen urraketa jasan duten guztien «berandu» datorrelako.

EH Bilduko Bakartxo Ruizek azpimarratu du legea «gazi-gozoa» dela, aitortzan aurrera egitea ahalbidetu arren, erantzukizunak ezingo direlako argitu eta biktimek eurek eszeptizismoz hartu dutelako. Dena den, Nafarroako Gobernuari eskatu dio administrazio prozedurari buruzko informazioa banatu dezala giza eskubide urraketa jasan duten guztiengana hel dadin hori. Aldi berean, epe zabala izateko eskatu dio. Beharrezko ikusi du ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esperientzia ezagututa, aurretik testigantza eman duten pertsonen kasuan ez dezatela berriro lekukotasun hori ematea bikoiztu. Azkenik, batzordeari ahalik eta baliabide gehien emateko eskatu du.. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.