AUZITEGIAK

Estrasburgok Espainia zigortu du, Tasio Erkiziaren adierazpen askatasuna ez babestea egotzita

Jose Miguel Beñaran Ordeñana Argala-ren omenaldi batean eginiko hitzartzeagatik, urtebeteko zigorra ezarri zioten Erkiziari. Orain, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi du Erkiziak ez zuela «ez zuzenean ez zeharka» indarkeria goraipatu. Erkiziak aitortu du «garaipen txiki bat» dela epaia, eta Estrasburgok beste behin Espainia agerian utzi duela.

Tasio Erkizia. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2021eko ekainaren 22a
11:20
Entzun

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu du, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidearen adierazpen askatasuna ez zuelako babestu. Zehazki, magistratuek ebatzi dute Espainiak Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren 10. artikulua urratu zuela, eta estatuari agindu dio Erkiziari 11.000 euro ordain diezazkiola, kalte moralengatik eta bestelako gastuengatik.

2008ko abenduaren 21ean eginiko hitzartze batengatik zigortu zuten Erkizia. 30 urte ziren Batallon Vasco Españolek Jose Miguel Beñaran Ordeñana Argala ETAko kidea hil zuela, eta haren omenaldian hizlari aritu zen. Erkiziak (Lesaka, Nafarroa, 1943) ez zuen kargu politikorik garai horretan, baina auzitegiak zehaztu du pertsona esanguratsua zela ezker abertzalearen barruan.

2011n, Espainiako Auzitegi Nazionalak urtebeteko zigorra eta zazpiko inhabilitazioa ezarri zion, terrorismoaren goraipamen delitu bat egitea egotzita, «Argalaren alde eta haren ekintzak justifikatuz» mintzatu zelakoan. Auzitegi Nazionalaren epaiak «ekintza terrorista zehatzen babes marko» batean kokatu zuen diskurtso hura, eta gaineratu zuen Argala goratzea zela ekitaldiaren helburua.

Erkiziaren hitz zehatzei dagokienez, Auzitegi Nazionalak esan zuen «bere diskurtsoa modu anbibalentean» egin zuela, «aurrera egiteko bide egokiena aukeratzeko hausnarketara» deituz; zehatzago, «estatuari min handiena egingo liokeen» aukeraz gogoetatzeko eskatu zuen, «jendea agertoki demokratiko berri baterantz» eramateko.

Helegiteak jarri zituen Erkiziak, baina Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Konstituzionalak ez zituzten aintzat hartu, eta auzia 2017an heldu zen Giza Eskubideen Europako Auzitegira.

Estrasburgoko auzitegiak, ordea, uste du ez zela frogatu Erkiziak «bere osotasunean irakurritako diskurtsoak zuzenean edo zeharka indarkeriarako edo erresistentzia armatura jotzea sustatzen duenik». Izan ere, «eskatzaileak esplizituki adierazi zuen beharrezkoa zela bide egokiena aukeratzea jendea etapa demokratiko batera eramateko». Erkiziaren hitzaldia gorroto delitutzat jotzeko aukera ere baztertu dute, eta ondorioztatu Espainiako Estatuak adierazpen askatasunaren eskubidean eginiko «interferentzia» ezin dela «beharrezkotzat jo gizarte demokratiko batean». Horregatik, ebatzi du zigorra neurrigabea izan zela. Helegitea jartzeko aukera dauka Espainiako Estatuak.

«Garaipen txiki bat»

Balorazio sakonago bat egitekoa da Erkizia, baina, BERRIAri erantzunez, aitortu du «garaipen txiki bat» dela epaia, eta uste du erakusten duela «borrokatzea tokatzen» dela: «Kalean, instituzioetan, tribunaletan eta lantegietan. Esparru guztietan jarraitu behar dugu borrokatzen, eta garaipen txiki hau Euskal Herriko borrokalari guztientzat da».

Haren esanetan, «Espainiako Estatua berriro ere nabarmen utzi du Estrasburgok, adierazpen askatasuna lotsagabeki urratzen duelako. Kasu asko dira; besteak beste, aurretik Arnaldo [Otegi EH Bilduko koordinatzailea] zigortua izan zen, testuinguru ezberdin batean, baina Argalaren omenaldi batean, ekitaldi politiko batean». Otegik berak Erkizia zoriondu du sare sozialetan: «Zorionak, Tasio! Berriz ere Estrasburgok bere tokian jarri du Espainiako Estatuko "justizia”. Egun aproposa gogoratzeko nik 15 hilabeteko kartzelaldia bete nuela gauza beragatik».

Espainiako auzibidea oroitu du Erkiziak: «Oso lotsagabea izan da; nire diskurtso guztia izan zen aldaketarako bidean urratsak egiteko jendea animatzen, bestelako bide politikoak erabili behar genituela esanez, eta hori zela hain zuzen ere estatuari min handiena ematen ziona. Lehenengo [Auzitegi Nazionaleko orduko epaile Baltasar] Garzonek eta gero beste batzuek hartu zuten nahi zuten erara, eta zigortu ninduten. Eskandalu bat da hain lotsagabeki adierazpen askatasuna urratzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.