Albistea entzun

MEMORIA

EAEko Auzitegi Nagusiak Otxandioko Udalaren aurka jo du, Ruben Garate eta Luzia Urigoitia oroitzeagatik

Besteak beste, ebatzi du udalak neutraltasun printzipioa apurtu duela Garateren heriotza espetxe politikarekin lotuta, eta Urigoitiaren kasuan, hura oroitzeko muralak ez duela jasotzen haren ETAko kidetza.

Luzia Urigoitiaren omenezko murala, prentsako tituluekin osatua, Otxandion (Bizkaia).
Luzia Urigoitiaren omenezko murala, prentsako tituluekin osatua, Otxandion (Bizkaia). RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2021eko ekainak 23

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Bilboko Administrazio Auzietarako Auzitegiak Otxandioko Udalaren (Bizkaia) aurka emandako ebazpen bat. Epai horretan, epaitegiak udalari agindu zion Luzia Urigoitia tiroz hildako ETAko kidea eta Ruben Garate euskal presoak sakabanatzeko politikaren ondorioz auto istripuz hildako herritarra oroitzeko olana kentzeko.

Udalak helegitea aurkeztu zuen, eta orain, EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio instrukzio epaileari. Baina deigarriak dira horretarako erabilitako argudioak. Ruben Garateren kasuan, epaileak gogora dakar olana ezezagun batzuek jarri zutela, eta udalak, hura kendu beharrean, plaka bat jarri zuela, Garate sakabanaketa politikaren biktima gisa aitortuz.

Olanak Garateren aurpegiaren irudi bat zuen, esaldi batekin: Berriro gertatu ez dadin, sakabanaketari ez. «Leloak nahiz pertsona baten heriotza estatuak ezarritako espetxe politikari egozteak eragiten dute udalak posizio bat hartzea dispertsioaren aurka, eta estatuari kritika egitea hura ezartzeagatik», dio epaileak, eta gaineratu du: «Horrek esan nahi du aukera ideologiko batetiko atxikimendua dagoela eta administrazio publikoen neutraltasun politikoaren printzipioa urratzen duela».

Urigoitiaren kasuan, mural bat margotu zuten. Udalak argudiatu zuen asmoa dela «memoria kritiko bat osatzeko ekarpena» izan nahi duela muralak, baina EAEko Auzitegi Nagusia ez dator bat: «Murala talde terrorista bateko kide baten aldeko omenaldi bat da, eta [muralak] ez du inolako kritikarik inguruabar horrekiko». Larunbatean agerraldi bat egingo dute Otxandion, ebazpenari buruzko irakurketa bat plazaratzeko.

1987ko uztailaren 23an hil zuten Urigoitia. Guardia Zibilak operazio zabal bat egin zuen Donostian, Hernanin eta Pasaian (Gipuzkoa). Zortzi pertsona atxilotu zituen, ETAko militante izatea egotzita. Urigoitia ordurako Ipar Euskal Herrira alde egina zegoen, baina Trintxerpeko (Pasaia) etxe batean harrapatu zuen operazioak, beste bi kiderekin. Goizaldean sartu ziren guardia zibilak etxera, eta Urigoitia hil zuten, gainerako kideak atxilotzearekin batera.

Haren heriotzak, ordea, hainbat argi-ilun izan zituen. El Pais eta El Independiente egunkariek biharamunean autopsiaren emaitzak argitaratu zituzten, eta, horien arabera, bi tiro jo zizkioten: bata, sabelaldean, eta bestea, garondoan, lurrean zaurituta zegoela. Bertsio ofizialak, berriz, baieztatu zuen hilketa Poliziaren eta etakideen arteko tiroketa baten ondorio izan zela. Gerora, 1995ean, El Mundo-k Espainiako zerbitzu sekretuen dokumentu bat argitaratu zuen: haren arabera, Guardia Zibileko kapitain batek frogak faltsutu zituen, bertsioa sinesgarria izan zedin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©EH BILDU

EH Bilduk estatutuaren «agortzea» nabarmendu du; PSE-EEk, ekarpenak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Urkulluk azaldu du «bete gabe» dagoela eta 30 eskumen lekualdatzeke daudela oraindik ere. PPk estatutuaren «deuseztatze» nahia salatu du

Urkullu, gaur, herritarren galderak erantzuten. ©Irekia

Urkulluk esan du «bateragarriak» direla pentsio minimoa hobetzea eta AHTa egitea

Edu Lartzanguren

Herritarrek eginiko hogei galderari erantzun dio Iñigo Urkullu lehendakariak, '#UrkulluTopaketa' egitasmoaren barruan.

ETArena izan zitekeen aspaldiko zulo bat aurkitu dute Ataunen

ETArena izan zitekeen aspaldiko zulo bat aurkitu dute Ataunen

Berria

Herritar batek aurkitu zuen Aitzarte edo Ataungo Domoan.

Maddalen Iriarte, gaur, Gasteizen egindako ekitaldian. ©EH BILDU

PSE-EEk Gernikako Estatutuaren ekarpenak nabarmendu ditu; EH Bilduk, gabeziak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Estatutuaren 42. urteurrenean, PSE-EEk autogobernuarekiko «konpromiso jarraitua, zintzoa eta arrakalarik gabea» berretsi du, eta nabarmendu du estatutu berri bat egitekotan «memorian oinarritua» beharko lukeela. EH Bilduk uste du estatutua ez dela «gai Euskal Herriaren eta herritarren beharrei» erantzuteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.