euskal presoak

Hiru preso Euskal Herriratuko dituzte, eta lau gerturatuko

Puerto III-n zeuden lau presoak hurbilduta, ez da motibazio politikoko euskal presorik geratuko Andaluzian.

Sarek iazko abuztuan Bilbon eginiko martxa. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2021eko uztailaren 1a
14:54
Entzun

Kolpe bakarrean zazpi euskal presoren destino berriak jakinarazi ditu Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak. Horietako hiru Euskal Herriratu egingo dituzte, eta lau, berriz, Euskal Herritik gertuago dauden kartzelatara hurbilduko.

Andoni Murga, Jon Zubiaurre eta Liher Aretxabaleta dira Euskal Herriratuko dituztenak. Murga Darocan dago (345 km), baina Martutenera ekarriko dute. 1996ko abuztuan kartzelatu zuten, eta 25 urteko zigorra betetzen ari da. Hiru laurdenak 2015eko maiatzean bete zituen. Zubiaurre eta Aretxabaleta, berriz, Burgostik (215 km) Zaballara ekarriko dituzte. Zubiaurre 2001eko martxoan sartu zuten kartzelan, 30 urteko zigorra betetzeko, eta 2023an beteko ditu hiru laurdenak, eta Aretxabaleta 2017ko uztailean sartu zuten espetxean, 40 urteko zigorra betetzeko; 2046an beteko ditu hiru laurdenak.

Gerturatuko dituzten lau presoak, berriz, Puerto III-ko presondegian (970 km) daude, eta, horiek mugituta, ez da motibazio politikoko euskal presorik geratuko Andaluzian. Gainera, laurei eman diete gradu progresioa, lehenetik bigarrenera. Jesus Mari Etxebarria Mansillara, Leonera (370 km) gerturatuko dute; 2002ko abenduaren 22an sartu zuten preso, 30 urteko zigorra betetzeko, eta 2025eko ekainean beteko ditu hiru laurdenak. Daniel Pastor, berriz, Zuerara (245 km) hurbilduko dute. 2011ko martxoaren 4an kartzelatu zuten, eta 2041eko otsailean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.

Horrez gain, Iñaki Bilbao Topasera (460 km) hurreratuko dute. 2002ko martxoaren 31n espetxeratu zuten, 68 urteko zigorra betetzeko. Eta Oscar Barreras Logroñora gerturatuko dute; 1996ko uztailetik dago preso, 30 urteko zigorra betetzen, eta iazko uztailean bete zituen hiru laurdenak.

Sare: «Fase berri baten aurrean gaude»

Andaluziako kartzelan euskal presorik ez dagoela-eta, Sare plataformak nabarmendu du «fase berri bat» zabaltzen dela horrela: «Elkarbizitzaren bidean herri gisa aurrera egiteko fase bereziki garrantzitsua; euskal preso guztiak etxera itzultzeko bidea garatzeko unea da». Inaxio Oiarzabal bozeramaileak esan du gerturatzeok presoen senide eta lagunen «zama arintzen» dutela, baina ez direla «amaiera»: «Urruntze politika guztiz amaitzeko prozesua eta euskal presoak etxera itzultzeko prozesua hasi da».

Erantsi du hori batez ere gradu progresioen bidez gauzatuko dela, eta hori izango dela Sareren eta herritar gehienen helburua aurrerantzean: «Helburu hori lehenbailehen betetzea espero dugu».

Foro Sozial Iraunkorrak ere amaitutzat eman du «presoen gizarteratze prozesuaren lehen fasea», eta gogora ekarri du bigarren fasea zazpi puntutan definitu zuela joan den asteartean. Horien artean daude egungo egoera trantsitorioa gainditu eta motibazio politikoko preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea, hirugarren graduan sailkatzea horretarako baldintzak betetzen dituztenak, baimen arruntak ematea, eta, finean, gizarteratze plan bat zehaztea, presoek beren banakako ibilbidean egiten dituzten urratsek ondorioak izango dituztela ziurtatzeko. Foro Sozialak egindako kalkuluen arabera, 119 presok baldintzak betetzen dituzte hirugarren gradua eskuratzeko, eta 34k irteteko baimen arruntak eskura ditzakete. Bigarren fase horri ekiteko «adostasun nahikoa» badagoela uste dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.