euskal presoak

Iñaki Bilbao gose greban den presoa ospitaleratu egin dute

Abuztuaren 6az geroztik dago baraualdian.

AEMren manifestazioa, Iñaki Bilbao euskal presoaren alde, iazko urrian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jon olano
2021eko abuztuaren 25a
13:02
Entzun

Iñaki Bilbao euskal presoak gose grebari ekin zion abuztuaren 6an, eta, beraz, etzi beteko ditu hiru aste baraualdian. Haren osasun egoerak okerrera egin du, eta ospitalera eraman zuten joan den astean, Salamancako (Espainia) egunkari batek jakinarazi duenez.

Bilbao Topasen dago preso, Euskal Herritik 460 kilometrora. Espainiako Espetxe Erakundeek uztailaren 1ean iragarri zuten haren hurbilketa, aurrez Puerto de Santamarian baitzegoen, Euskal Herritik mila kilometrora.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ohartarazi du Bilbao «muturreko egoeran» dagoela. AEMk zabaldu duenez, «ezaguna da, nahiz eta hain muturreko baldintzetan egon, Txikitok uko egin diola Espainiako Estatuak ikuskapen medikoa edo orkestratutako beste edozein manipulazio edo eraso egiteari».

«Gose greban dauden euskal preso politikoentzat ez da berria indarrez eta euren borondatearen aurka elikatzea. Neurri honen helburua euskal presoen borondatea makurraraztea da, antzeko kasuei arreta eskaintzea, preso politikoen izaera ukatzea, eta baita espetxeratzeko arrazoia ere: Euskal Herriaren eta bere langile klasearen okupazioa eta esplotazioa», gaineratu du AEMk, eta elkartasuna adierazi dio presoari.

Iaz ere gisa bereko protestaldi bat egin zuen Bilbaok; irailaren 9an ekin zion gose grebari, eta 50 egunez eutsi zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.