Albistea entzun

Euskal presoak

Presoen etxeratzearen aldeko ibilaldia antolatu du Sarek Nafarroan

Lesakan hasiko da irailaren 29an, eta oinez 352 kilometro zeharkatu ostean, urriaren 2an, 17:00etan, Cuatro Vientos zubitik Berriozarreraino helduko den manifestazio batekin amaituko da.

O plazan, irailaren 29tik urriaren 2ra Nafarroa zeharkatuko duen  ibilaldia aurkezteko agerraldia
O plazan, irailaren 29tik urriaren 2ra Nafarroa zeharkatuko duen ibilaldia aurkezteko agerraldia Iñigo Uriz / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2021eko irailak 25

Nafarroako Sarek presoak etxeratzeko prozesuari bultzada eman nahi dio. «Ulertzen dugu ezinbesteko ekarpena dela bizikidetza demokratikoaren esparrua sendotzeko eta, horri esker, indarkeriak eta sufrimenduak markatutako ziklo historiko luze bat ixteko», nabarmendu du Mikel Mundiñano eledunak, gaur Iruñeko O plazan egin den aurkezpenean. Herritarrei ibilaldian zein azken eguneko manifestazioan parte hartzera dei egin die.

Ideia hori bultzatu nahirik, irailaren 29tik urriaren 2ra bitartean, ibilaldi bat egituratu du Sarek eta bertan parte hartuko duten herritar talde handi bat izan da ekimenaren aurkezpenean. Martxa horrek Nafarroa zeharkatuko du, eta 352 kilometro distantzia egiteko, orotara, 350.000 pauso emango direla kalkulatu dute. «Guztiontzat bakea eta askatasuna dakartzan helmugarantz aurrera egiteko helburua» du ekimenak, Mundiñanoren arabera. «Behingoagatik ibiltzea ez ezertatik edo inorengandik ihes egiteko, elkartzeko baizik», zehaztu du.

Lesakan hasi eta Berriozarren amaituko da, eta abiapuntu horrek zein helmugak berak balio sinbolikoa dute. Alde batetik, Lesaka sufrimendutik ihesi muga gurutzatzeko edo gurutzatzen laguntzeko kokagunea izan da. Mundiñanok gogoan hartu du adibidez, nazismotik ihesi zihoazenei laguntzeko Comete sarea bertan ere bazegoela. Bestetik, Berriozar Ezkaba mendiaren magalean dago, eta 1938ko ihes tragiko hartan, ehunka presoren heriotzaren lekuko izan zen.

«Etxera itzultzeko ideia erabat ezinezkoa izan zen orduan, baina orain, iritsi da, gure ustez une historiko hori», azpimarratu du Mikel Mundiñanok, Bere irudiko, iraganeko zauriak ixteko eta etorkizuneko bideak jorratzeko garai historikoa heldu da, eta horretarako garrantzitsua da salbuespenezko espetxe politikaren amaitzea. «Ez da legea modu proaktiboan aplikatzen behin betiko konponbideari begira». Helburu hori lortzeko, oraindik bidea luzea badago ere, Mundiñanok azaldu du ekimen horrek hemendik aurrerako bide horretan aurrera egiteko beharra bultzatu nahi duela. «Presoak etxerako bidean jarri behar ditugu, eta bide hori guztion arten egin behar dugu. Ezinbestekoa da Nafarroako gizartearen nahia kalean ikusgai jartzea».

Martxa eta manifestazioa

352 kilometrotan, 74 herri eta auzotatik igarota, Nafarroa zeharkatuko dute, atsedenik gabe, gau eta egun. Hiru egun iraungo dituen erronka horretan, 74 errelebo antolatu dira, horietako bakoitza bost kilometrokoa. Ibilian ibilian, Bortziriak, Malerreka, Basaburua-Imotz, Sakana, Estellerria, Goi Erribera, Tafalla aldea, Izagaondoa, Agoitz, Artzibar, Aezkoa, Erroibar, Esteribar eta Iruñerria zeharkatzeko asmoa dute. Urriaren 2an amaituko da martxa.

Azken urrats horiek manifestazio bihurtuko dira. Arrotxapea eta Sanduzelai arteko Cuatrovientos zubi ingurutik Berriozarrerantz zuzenduko da. Han burutuko da egitasmoa, dantzari, abeslari, bideo proiekzio eta hitzaldi batekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Ipar Euskal Herriko erakundeetako ordezkariak, atzoko saioetako hizlariekin, Baionan. ©BOB EDME

Prozesuen erronkak eta zailtasunak

Ekhi Erremundegi Beloki

Aieteren urteurreneko jardunaldien azken saioa izan da Baionan. Iragandakoaz eta gelditzen diren erronkez mintzatu dira bertako eta nazioarteko eragileak. Presoen auzia konpontzeko mekanismoak sortzera deitu du Brian Currinek.
 ©Jon Urbe / FOKU

Herri baten biderako gakoak

Enekoitz Esnaola

Erabakitzeko eskubidea, erreferenduma, estrategia partekatua, gizarte zibila, desobedientzia, eta bide demokratikoak eta baketsuak nabarmendu dituzte Ibarretxek, Torrak, Alvarezek eta Cuixartek

<em>Gatazken eraldaketa demokratikoa</em> izenpeko mahai ingurua, atzo, Donostiako Kursaalean. ©JON URBE / FOKU
Jonathan Powell. ©JON URBE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.