Albistea entzun

Hizkuntza eskubideak jomugan

Frantziako konstituzioaren berrikuspena «ezinbestekoa» dela erran du Eskolimek

Hizkuntza gutxituetako murgiltze ereduetako ordezkariek agiri batean adierazi dute irailaren 15ean Frantziako Gobernuarekin egin zuten bilkura «giro lasai eta eraikikor» batean iragan zela, eta bakoitzarekiko «arretazko elkartrukaketarako» modua egin zuela. «Lurraldeetako hizkuntzei buruzko kontsulta erakunde iraunkor bat» sortzeko xedea iragarri zien Frantziako lehen ministroak.

Eskolim sarekoen protesta, Parisen
Eskolim sarekoen protesta, Parisen Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko irailak 28 17:48

Heldu den udaberrian iragatekoak diren Frantziako presidentetzarako hauteskundeak aitzin hizkuntza gutxituen gaia itxitzat eman nahiko luke Frantziako Gobernuak, hauteskunde kanpainan arazo bilakatu ez dadin. Joan den ekainean Frantziako Konstituzio Auzitegiak hizkuntza gutxituen legearen kontra hartutako erabakiak hautsak harrotu zituen, eta, ordutik, eragileak lasaitu nahian ari dira Parisen. Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren ondorioak aztertu eta proposamenak egiteko eskatu zien Jean Castex Frantziako lehen ministroak Martxan alderdiko bi diputaturi, Christophe Euzeti eta Yannick Kerlogoti, eta uztailean egin zuten publiko haien txostena. Hizkuntza gutxituetako murgiltze ereduetako ordezkariak bitzen dituen sareak «dezepzio» bat zela erran zuen.

Bestelako sentipen batekin atera ziren joan den irailaren 15ean bideokonferentziaz egin zuten bilkuratik. Castexekin eta Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroarekin bildu ziren, Eskolim sareko sei elkarteetako buruak, hizkuntzen erakunde publikoetako lehendakariak -tartean, Antton Kurutxarri EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria-, eta Gilles Simeoni Korsikako lehendakaria. Agiri batean adierazi dute bi ordu eta erdi iraun zuen elkarrizketa «giro lasai eta eraikikor» batean iragan zela, eta bakoitzarekiko «arretazko elkartrukaketarako» modua egin zuela.

Azaldu dute ondoko asteetan hizkuntza gutxituen irakaskuntzan parte hartzen duten eragileekin eta tokiko kolektibitateekin «irakaskuntza baldintzak zehazteko» eraman beharreko «lana ahalbidetzea» nahi duela Frantziako lehen ministroak, «indarrean diren arauak errespetatuz, legezko esparruan, mende erdi baino gehiago daraman koadro pedagogiko ezagutua bermatuz». Eskolimen arabera, Castexek segurtatu zien «konzertatzio honi esker murgiltze sarearen zailtasunei buruz ere -kontratazio, irakaskuntza eta formakuntza baliabideak, azterketa politika-» aritzeko xedea duela. «Agintaldia bukatu baino lehen, bere agindupean liteken lurraldeetako hizkuntzei buruzko kontsulta erakunde iraunkor baten sortzeko xedea iragarri du Lehen Ministroak, hizkuntza guttituen irakaskuntza eta hizkuntzen politiken gaiak jorratzeko gisan».

Bilkuran, erakundeetako ordezkariek berretsi zuten «eraginkortasuna frogatu duen murgiltze pedagogia, gure hizkuntzen transmisioa eta babesa segurtatzen duen oinarria dela, eta hezkuntza ministerioaren betebeharrak segurtatzen dituela». Halaber, azpimarratu zuten Frantziako Konstituzioaren berrikuspena «ezinbestekoa» dela «hizkuntza gutxituak iraunarazteko eta transmisio metodoa babesteko». «Eskolim sareak gobernuburuaren hitz lasaigarriak kontuan hartzen ditu. Iragarritako kontzertazioaren bideratzeari izugarri adi egonen da, eta hartu beharreko neurriak hurbiletik segituko ditu», adierazi dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Jesus Diges, EFE

Neurri murriztaileak beste bi astez luzatuko ditu Nafarroako Gobernuak

Ion Orzaiz

Ostalaritza 01:00etan ixteko arauari eta barran kontsumitzeko debekuari eutsiko diete, besteak beste.

Donostiako kaleak, autorik gabe, koronabirusarengatik ezarritako konfinamenduaren ondorioz, 2020ko maiatzean. ©Jon Urbe / FOKU

Europan gutxienez 800 heriotza eragotzi ziren lehenbiziko itxialdian airearen kalitateak hobera egin zuelako

Uxue Rey Gorraiz

Europako 47 hiri aztertu ditu Londreseko ikerlari talde batek. Ondorioak aski adierazgarriak dira: konfinamenduaren eraginez, murriztu egin zen aireko kutsadura, osasunaren mesedetan, argiki. Jaitsiera nitrogeno dioxidoan izan da nabarmenena.

Dozenaka herritar Tuterako Epaitegi parean eginiko protestan, gaur. ©Europa Press

Epaileak behin-behinean espetxeratu du Sara Pinaren senarra

Uxue Rey Gorraiz - Iosu Alberdi

Tuterako Auzitegiko 2. Instrukzioko Epaitegian deklaratu du gaur goizean, eta Pina hil izana onartu du. Dozenaka herritarrek protesta egin dute, hilketa gaitzesteko.

Usansolo Herri plataformako kideen agerraldia, gaur, Galdakaoko (Bizkiaia) udaletxean. ©Berria

Martxoa amaitu aurretik egin nahi dute herri galdeketa Usansolon

Julen Aperribai

Galdakaoko Udalak Usansolo udalerri bilakatzearen inguruko memoria eta galdeketa egitea onartuko ditu bihar, osoko bilkuran. Bizkaiko Batzar Nagusietan amaituko da prozedura, eta hark izango du azken hitza. Prozedura uda baino lehen amai daitekeela dio udalak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.