Hizkuntza eskubideak jomugan

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak eskatu dute berrikus dadila erizaintzako lan eskaintza

Txibitek dio euskara ez dela balioetsiko erizaintzako LEPean, dekretua onartu gabe dagoelako oraindik. Nafarroako Gobernuko presidenteak argudiatu du erabakia euskararen dekretuaren menpe dagoela.

Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibite, iraileko agerraldi batean. IDOIA ZABALETA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko urriaren 4a
12:52
Entzun

Erizain postuekin loturiko deialdia zabaldu du berriki Nafarroako Gobernuak: zehazki, erizainen 424 lanpostutarako prozesu bat abiatu dute, eta euskara jakiteak ez du inolako baliorik izanen eskaintza horretan. Euskara ez da balioetsiko; ingelesa, frantsesa edo alemana, ordea, bai. Euskara zokoratua utzi izanak sumina eragin du hainbat herritar eta talde politikorengan, eta kritikei erantzun die gaur Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek. Arrazoi bat eman du euskarak baliorik izanen ez duela argudiatzeko: euskararen dekretua onartu gabea izatea.

«Honek euskararen dekretuarekin du ikustekoa, eta oraintxe bertan barne tramitazioko prozesuan da oraindik ere», adierazi die Txibitek kazetariei. Nabarmendu du dekretua aztertze fasean dela: «Auzitegiak egindako eskakizunei erreparatu behar diegu orain, eta, beraz, dekretua ez da indarrean».

Eskubide urraketak
Erizaintzako lan eskaintza publikoaren harira, parlamentuko talde politikoek askotariko jarrerak azaldu dituzte. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak lan deialdia berrikus dadila eskatu dute gaur parlamentuan. Diotenez, ez baitira ados euskara balioetsi gabe uztearekin. EH Bilduren iritziz, «erokeria bat» da euskarak baliorik ez izatea; Ezkerraren hitzetan, «izugarrikeria bat». Ordea, gobernuak azaldu du «legea betetzen» ari direla, eta, are, azaldu dute egungo egoera joan den legegintzaldian egindako urratsei zor zaiela. Bestalde, Navarra Sumak ez du nahi lan eskaintza publikoko deialdia moldatzerik, eta gobernuari galdegin dio «behingoz» onar dadila euskararen dekretu berria.

Auzia ez da berria: azken urteotan Nafarroako lan eskaintza publikoetan euskarari ematen zaion balioa maiz izan da polemika iturri. Besteak beste, Euskalgintzaren Kontseiluak hainbatetan salatu du Nafarroakoak «hizkuntza-eskubide urraketak betikotzen dituzten lan deialdiak» direla, eta aldaketa sakonak eskatu ditu. Gainera, azaldu dute Nafarroako Gobernuak ez duela prestutasunik agertu arazoari irtenbidea emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.