Katalunia

Kolonbian jaiotako diputatu batek gogor erantzun dio bere ahoskeraz trufatu den Ciutadanseko kide bati

Jessica Gonzalezek dei egin die Katalunian dauden etorkin guztiei katalanez jarraitzeko, nahiz eta «pertsona gorrotagarriren batek» zuzendu hitz egiteko modua.

Anna Grau Ciutadanseko diputatua, ezkerrean, eta Jessica Gonzalez hari erantzuten, gaur, Kataluniako Legebiltzarrean. KATALUNIAKO LEGEBILTZARRA / BERRIA
Edu Lartzanguren.
2021eko urriaren 8a
18:51
Entzun

Jessica Gonzalez En Comu Podem taldeko diputatuak sendo erantzun dio gaur, Kataluniako Legebiltzarrean, bere ahoskerari barre egin dion Ciutadanseko ordezkari bati.

Ciutadansek mozio bat aurkeztu du Generalitateari eskatzeko gaztelera bultza dezala Katalunian. Gonzalezek, haatik, katalanezko murgiltze eredua defendatu du. Kolonbian jaio zen diputatua, eta Katalunian bizi da 2006. urtetik. Hitzartzean Jordi Sole i Tura politikaria aipatu du. PSUC Kataluniako Alderdi Sozialista Batuko buruzagia izan zen hura, eta nabarmendu zen katalanera gizartea batzeko hizkuntza bihurtzearen kontra sutsu aritu zelako.

Ciutadanseko Anna Grauk hitz egin du ondoren, eta barre egin dio Gonzalezi, politikari haren izena ahoskatzeko erabili duen moduarengatik. Tura abizenari azentua a-n jarri izana leporatu dio, u-an behar duenean. «Igartzen da norbaitek belarriz jotzen duenean», esan dio.

Legebiltzarreko kamerek jaso dute Gonzalezen harridura Grauren iruzkinaren aurrean. Baina En Comu Podemeko ordezkariak ez du aukera galdu hari erantzuteko, hitz egiteko txanda eduki duenean. «Bitxia da Ciutadans taldeak elebitasuna defendatu nahi izatea zuzenketa guztiz harroputz bat eginez, ahoskatzeko moduarengatik, migratu duen eta katalanez hitz egiten saiatzen den pertsona bati». Ondoren dei egin die Katalunian daude etorkin guztiei aurrera egiteko norbaitek zuzentzen badie katalanez egiteko modua. «Hemen nago ni eta etorkin asko aurrez aurre eta katalanez. Ez utzi pertsona gorrotagarriei espaloitik jaitsiarazten. Gune hau, erakunde hau, eta herrialde hau, gureak ere badira».

Peruko Legebiltzarrean, abuztuan

Legebiltzarretan erabilitako mintzamoldeen eta hizkuntzen inguruko hainbat albiste sortu dira azken asteotan. Esaterako, abuztuaren amaieran, Guido Bellido Peruko Gobernuko presidenteak kitxuaz eta aimaraz hitz egin zuen hango parlamentuan, eta oposizioak protesta egin zuen.

Maria del Carmen Alva parlamentuko presidenteak eten egin zuen hitzaldia: «Premier, zuk esan duzu itzuli egingo zenuela. Mahaiarekin adostuta zegoen itzuliko zenuela. Eskertuko nizueke lehenbailehen egitea itzulpena. Zure azalpena ez dadila hain luzea izan kitxuaz, mesedez, besteok ez dugu-eta ulertzen». Bellidok Peruko Konstituzioa eskuetan erantzun zion legearen arabera kitxua hizkuntza ofiziala dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.