Bertsolaritza

Joanes Illarregik irabazi du Zangozako final-laurdena

Finalaurrekoetara sailkatzea ziurtatu du bertsolari leitzarrak, 349 puntu bilduta.

Joanes Illarregi bertsolaria kantuan, atzo, Zangozan. BERTSOZALE ELKARTEA
Berria
2021eko urriaren 11
10:33
Entzun

Saio bikoitza izan du asteburuan Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Larunbatean jokatu zen lehen saioa, Tafallan, eta Eneko Lazkoz gailendu zen. Atzo, berriz, Zangozako Karmengo auditoriumean izan zen txapelketa barruko saioa, eta Joanes Illarregik eskuratu zituen puntu gehien (349) eta finalaurrekoetarako pasea. Gainerako bertsolarien sailkapena honela gelditu zen: Xabat Illarregi (344,5), Sarai Robles (329,5), Xabier Silveira (328), Mikel Lasarte (314) eta Oier Lakuntza (300,5).

Heldu den larunbatean, hilaren 16an, jokatuko dira laugarren eta azken final-laurdenak, Donezteben. Ekain Alegre, Sahats Aleman, Egoitz Gorosterrazu, Iker Gorosterrazu, Josu Sanjujo eta Julio Soto ariko dira kantuan, eta Maialen Belarra ariko zaie gaiak jartzen. Sarrerakwww.bertsosarrerak.eusatarian eskura daitezke, baita Bizkaiko Bertsolari Txapelketako saioetarakoak ere: Ortuellan ariko dira bertsotan, larunbatean, Asier Alcedo, Txaber Altube, Julen Ibarguengoiti, Mikel Retolaza eta Peru Vidal.

Xilaban, finalerdiak

Xilabako txapelketak ere aurrera jarraitzen du. Amets Arzallusek irabazi zuen larunbatean Gabaldiko saioa, eta, beraz, argitu da nola osatuko diren finalerdietarako saioak. Hurrengo larunbatean abiatuko da fase berria, Maulen, eta ondoko seikotea ariko da oholtzan: Karlos Aizpurua, Amets Arzallus, Kerman Diaz, Maddi Sarasua, Aitor Servier eta Maddi Ane Txoperena.

Hurrengo bi finalerdiak Bardozen eta Izpuran jokatuko dira; hilaren 23an Bardozen, eta 30ean Izpuruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.